kazetaritza
iz. Kazetariaren jarduera edo lanbidea.
Kazetaritzaren erroak lehen hiri-zibilizazioetaraino iristen dira, hots, Erromatar Inperioraino; garai hartan baziren zenbait berri-paper -Acta diurna, Acta Senatus- kazetaritzaren aitzindaritzat jo daitezkeenak. Baina beharbada, zentzu hertsian lehen kazetaritza-argitalpena ez zen XVI. mendera arte iritsi, Kolonian katoliko eta erreformazaleen arteko auziari buruzko aldizkari bat kaleratu zen arte. Lehen egunkaria 1702an azaldu zen Ingalaterran (The Daily Courant), baina egunerokotasuna, oro har, ez zen guztiz sendotu XIX. m.aren hasiera arte. XIX. m.aren hasierako aurrerapen teknologikoek eta gizartean gertatzen ari ziren aldaketek egunkaria komunikabide masibo bilakatzea ekarri zuten. Egunkariak sendotzearekin batera, gainerako argitalpenek (astekari, hilabetekariek, etab.ek) beste espezializazio-alorrak jorratu zituzten. Informazio-premiak eraginda egunkari batzuk goiz eta arratsaldeko argitalpenak egiten hasi ziren eta lehen berri-agentziak sortu ziren. XX. m.aren hasieran komunikabide berriak sortzeak espezializazioa areagotu egin zuen; 1924an irrati-difusioa sortu zen eta honen berehalakotasunak komunikabide idatziei aurrea hartu zien. Geroztik, telebista merkaturatzeak eta Bigarren Mundu-Gerraz geroztik teknologi mailan -informatika eta industria elektronikoan bereziki- izandako aldaketak aipatutako komunikabideen espezializazioa bultzatu du.
Finantza- eta industri kapital handiak masa-komunikabideak bere menpe hartu dituen neurrian kazetaritzaren jarduera aldatu egin da. Azken urteotan, burokratizazioa gero eta handiagoa izatearekin batera, kazetaritzak iritzi publikoa kontrolatu eta osatzeko funtzioa bere gain hartu du.
Atzera