medikuntza
iz. 1. Gaixotasunak ezagutu, hauen prebentzioa egin eta sendatzea helburu duen jarduera tekniko eta zientifikoen multzoa. 2. Medikuaren jarduera edo lanbidea. 3. Sistema mediko berezia. Laneko medikuntza. Medikuntza homeopatikoa.
Mesopotamian jakituria farmakologiko zabala eta Egipton momifikatzeko teknika aurreratuak ezagutzen zituzten arren, anatomiaren ezagutza-maila aski apala zuten. Txinako medikuntza yin eta yang printzipioetan oinarritzen zen; akupuntura, fitoterapia, etab.en bidezko medikuntza naturala eta prebentzioa sustatu zituen.
Grezian Hipokrates nabarmendu zen; bere metodoak erromatarren garaia arte iraun zuen, eta Galenok jarraibidea eman zion arrazonamendu klinikoa eta diagnosiaren metodikotasuna bultzatuz.
Erdi Aroan Greziako doktrinak berreskuratu ziren medikuntza arabiarraren bitartez; eduki zientifikoari zegokionez, Elizak bere kontrolpean hartu zuen. Errenazimentuak ezagutza anatomiko eta esperimentalaren hasiera ekarri zuen. Vesaliok disekzioak ikertuz obra itzela paratu zuen, Parék egungo kirurgiaren zimentarriak ezarri zituen eta Harveyk odol-zirkulazioa aurkitu zuen, eta honen ondotik aurkikuntza-segida nabarmena gertatu zen. Hala ere, XVI. m.an medikuntza kirurgia baino atzerago zegoen artean.
XIX. m.an anestesia aurkitzearekin eta Pasteurren eta Koch-en lanen bitartez, medikuntza aro garaikidean sartu zen. XX. m.aren lehen erdiaren ezaugarri nagusia fisika, kimika eta biologiaren teknika eta metodoak gero eta gehiago erabiltzea izan zen; ondorioz, batetik ikerketa-, diagnosi- eta tratamendu-bideak ugaritu ziren, eta, bestetik, espezialitate bakoitza bere esparrua mugatuz joan zen. Honela, neurologia eta dermatologiaren ondoren, psikiatria, oftalmologia, otorrinolaringologia eta, azkenik, neumofisiologia, kardiologia, endokrinologia, erreumatologia, etab. espezialitate-izaera hartuz joan ziren.
Atzera