kirurgia
iz. MED. Organismo bizidunengan, eskuz eta tresneriaren laguntzaz, ebakuntzak egiteaz arduratzen den medikuntza-diziplina.
Kirurgia, seguruenik, gizakiak praktikatutako zientzia medikoen artean lehenengoetakoa da. Horren adierazgarri dira Neolitoko zenbait garezur, zeinetan trepanazio-arrastoak azaltzeaz gainera, geroago hezur-ehuna osatu izanaren zantzuak ageri baitira.
XIX. m.an fisiologia eta patologian oinarritutako kirurgiak lau oztopo nagusi zituen: mina, odoljarioa, infekzioa eta shocka. Mendearen erdialdera konponbideak aurkitzen hasi ziren. 1842an Clark eta Long-ek lehenbiziko narkosiak egin zituzten; urte berean Wells-ek nitrogeno-protoxidoa erabili zuen anestesiko gisa. 1860an lehen matxarda hemostatikoak diseinatu ziren eta zazpi urte beranduago lehenengo kirurgi antisepsia egin zen ebakuntza-eremua azido fenikoz garbituz. Urteekin batera kirurgia hobetuz joan da. Zirkuitu itxiko anestesiak, kurarezko substantzien erabilerak eta odol-taldeen izaerari buruzko ezagupenek asko lagundu dute odol-transfusioak egoki egiten. Bestetik, zirkuitu mekaniko kardiopulmonarrak sortzeak, protesi metalikoen fabrikazioak eta kimioterapia zein antibiotikoen erabilera zabalak kirurgiaren aplikazio-eremua zabaldu eta segurtasuna areagotu egin du.
Atzera