metafisika

iz. 1. FIL. Izatearen beraren funtsaz, errealitatearen eta ezagutzaren lehen oinarriez diharduen filosofiaren atala. Aristoteleren, Kant-en metafisika. 2. (hed.) Ikuspegi intelektualetik egindako gai baten inguruko filosofia edo teoria orokor eta abstraktua. Hizkuntzaren metafisika.
Izaki fisikoak edo sentipenez hautematen ditugunetatik harantzakoa bilatzen du metafisikak: hau da haien guztien funtsean dagoen izatearen arazoa. Zaila da metafisikaren alor eta eremu bereziak mugatzen, eta jendeak sarritan ezagutza-mundu abstraktu eta teorikotzat hartu ohi du. Jakintza filosofikoetan ere ez da erraza metafisikaren eta logikaren edota epistemologiaren edota estetikaren eremuen arteko mugak bereizten.
Baina arazo metafisikoek mendebaldar filosofiaren historia osoa zeharkatu dute, eta teoria metafisikoak gainjarrita agertu dira, era batera edo bestera formulaturik. Platonismoa, aristotelismoa, tomismoa, cartesianismoa, idealismoa, materialismoa: denak dira teoria metafisikoaren formulazio ezberdinak. Errealitatea-itxura, sentipenezkoen-ideien mundua, materia-forma, esentzia-existentzia, materia-espiritua, espazioa-denbora, Jainkoa-mundua, etab. dira metafisikak landu dituen kontzeptu eta erabili dituen termino nagusietako batzuk, errealitateen funtsezko izate hori interpretatu nahian.
Filosofiaren alorrean XX. mendeko positibismo logikoaren aldetik jasan du metafisikak erasorik handienetakoa, haren funtsezko zentzua bera ukatu baitu. Izan ere zientzia enpirikoetan oinarritzen den positibismoarentzat enpirikoki egiazta daitezkeen esanek bakarrik dute zentzua; zentzugabea da metafisika osoa, ordea, horren esanak froga enpirikoz egiazta ezinak direnez.




Atzera