positibismo
iz. 1. Errealitatea kontuan hartzean, gauzen itxurari gabe haien benetako izaera errealari garrantzia ematean oinarri duen pentsamolde eta jokaera; gauzen alderdi praktikoari begiratzea. 2. FIL. Ezagutza esperientziako eta behaketako datu "positiboetan", sentimenez hauteman daitezkeenetan, oinarritzeko joera; horietan oinarritzen ez den edonolako espekulazio metafisiko edo sinesmen teologiko baztertu edo ukatu egiten duen filosofia; bereziki Auguste Comte-ren sistema filosofikoa. • positibismo logiko. FIL. XX. m.an bereziki Vienako zirkuluan landuriko pentsamendu filosofikoa. Puntu nagusi hauek dira nabarmentzekoak: enpirismo klasikoa logika formalarekin lotu nahia; metafisikaren, idealistaren nahiz errealistaren, ukapena (esakune metafisikoak ez dira kontuan hartzekoak, beren baitan esanahi edo adierazgarritasunik ez dutelako); proposizio zientifikoek, baliorik izango badute, enpirikoki egiaztagarri izan behar dute.
FIL. Comte-ren sistemari deritza zuzenean positibismoa, bere Filosofia positiboaren ikastaroa obraren ondorioz. Horrek bere hurbileko sustraiak Frantziako Ilustrazioan baditu ere, mendebaldar filosofiaren historian badira aitzindaritzat har daitezkeenak. Besteren artean, XIV. m.an Gilermo Ockhamgoak nabarmendu zuen ezagutza positiboaren ildoa. Hiru arotan banatu zuen Comtek gizadiaren adimenezko garapena: a) aro teologikoa, sentimenez hautematen ditugu gertakariak naturaz gaindiko izakiren batek eragindakotzat hartzen zituena; b) aro metafisikoa, hautemandako gertakariak harantzako printzipio inpertsonalen baten bidez azaltzen dituena, horien azpiko erabateko errealitatea, lehen kausa nahiz jatorri absolutua aurkitu nahian edo; c) aro positiboa, naturako eta gizarteko gertakari positiboak deskribatu eta horien erregulartasunak formulatzen dituen metodo zientifikoarena, alegia. Comteren ondoren, J. Stuart Mil eta H. Spencer ingelesak izan ziren XIX. m.ko positibismoaren lekuko nagusiak. Antiteologikoa izateaz gain, antimetafisikoa da positibismoa, horren iritziz, ageri diren fenomenoak baizik ez baitira ezagutzaren iturri eta positiboki egiazta daitekeena bakarrik baita zientziaren gai.
Positibismo logikoak -enpirismo logikoa edo neopositibismoa ere deituak- badu zerikusirik deskribaturiko positibismoarekin, batez ere metafisikaren ukapenaren aldetik; baina bestelako ingurune eta baldintza filosofikotan garatu da hori XX. m.an, batez ere hizkuntzaren filosofia kritikoarekin lotuta. Eragin berezia izan zuen Vienako zirkulukoengan E. Mach-ek bere positibismo kritiko edo enpiriokritizismoarekin: metodo zientifikoaren kritika ipini zuen horrek, teoria zientifikoen baliagarritasuna nabarmenduz, horien egiazkotasunaren gainetik. Era berean, G. Frege eta B. Russell-en logika matematikoari buruzko azterketak erabakigarriak izan dira positibismo logikoarentzat; Russellen eta A.N. Whitehead-en Principia mathematica obrarekin batera, ordea, L. Wittgenstein-en Tractatus logico-philosophicus aipatzekoa da, positibismo modu honen sustraian.
Vienako zirkuluko izen ezagunez gain, bestelako hainbat autore europar eta estatubatuar ere sartu ohi da neopositibismo edo enpirismo logikoaren korrontearen barruan; horregatik ez dago guztizko batasunera ekartzerik horko pentsamendua. Hala ere, puntu nagusi hauek dira nabarmentzekoak: enpirismo klasikoa logika formalarekin lotu nahia ("enpirismo logikoa"); metafisikaren, idealistaren nahiz errealistaren, ukapena (esakune metafisikoak ez dira kontuan hartzekoak, beren baitan esanahi edo adierazgarritasunik ez dutelako); izan ere, proposizio zientifikoek, baliorik izango badute, enpirikoki egiaztagarri izan behar dute. Azken batez, zientziaren kontzeptuak argitzea, ezagutza zientifikoen logika eta metodologia aztertzea eta proposizio zientifikoen egiaztagarritasun-irizpideak finkatzea da filosofiaren eginkizuna, eta ez alferrikako arazo metafisikoez aritzea, positibismo logikoaren arabera.
Atzera