Aretxabaleta (Gipuzkoa)

Gipuzkoako udalerria, Bizkaia eta Arabako mugan (Deba Garaia); 6.125 bizt. (aretxabaletarrak). I-an Arrasate, E-an Oņati, H-an Barrundia eta M-an Eskoriatza ditu mugakide. Industria (metalurgia eta sarrailagintza). Udalerriko ekonomi jarduera nagusia, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren (barazkiak, zuhainak) gainetik, industria (metalen eraldakuntza, kimikoa eta manufaktura-industria) da. Lanean ari den populazioaren bi herenak baino gehiagok industrian dihardu eta laurdenak zerbitzu-sektorean. Bertako eta inguruko industri garapenaren eraginez biztanle-kopuruak gora egin du, 1950ean 2.674 biztanle izatetik 1991n 6.125 izatera iragan delarik. Historia. Jatorria oso antzinakoa bada ere, udal honi buruzko lehen aipamen zehatzak X. mendekoak dira; orduan Leintz bailararen parte zen, Arrasate, Leintz Gatzaga eta Eskoriatzarekin batera. Arrasate 1260an eta Leintz Gatzaga 1331n bailaratik bereizi ondoren, Aretxabaletak, Eskoriatzarekin batera, Leintz Bailara izena hartu zuen. 1370ean Enrike II.a erregeak Oņatiko kondeari, Beltran de Gebarari, eman zion bailara. Aurrerantzean bidegabekeria eta borrokak jasan behar izan zituzten bailarako biztanleek. 1456an bailara erregeak berreskuratu zuen eta 1497an Errege-erregina Katolikoek Gipuzkoan sartu zuten, nahiz eta Oņatiko kondeak ez zuen onartu bailara Gipuzkoara itzultzerik. Azkenik, 1556an bailara erregearen menpe gelditu zen behin-betiko. Hurrengo urteetan Eskoriatza eta Aretxabaleta artean arazoak izan ziren, biek nahi baitzuten bailarako hiriburutza. 1630ean Felipe IV.ak bailara bien artean erdibitzea onartu zuen. Orduan Aretxabaletak udalerri-titulua lortu zuen. Artea. Andre Mariaren Jasokundearen eliza XVI. mendean hasi zen eraikitzen, beharbada bertan zegoen ermita txikiaz baliatuz. XVII. mendearen erdialdera amaitu zela uste da. Dorrea handik mende batera eraiki zen eta ondoren arkupea. Nabe bakarrekoa da eta kanoi-gangak eta faxoi-arkuak ditu. Absidea esfera-gangak estaltzen du. Arrasateko San Frantzisko komentutik ekarritako harlanduz egin zen eliza. Bedarretako San Migel eliza Aretxabaletako antzinako parrokia izan zen. Jatorrizko elizaren portada erromanikoa soilik kontserbatzen da gaur egun. Portadak arkiboltak eta estilo erromanikoko kapitel eta kolomak dituen arku zorrotza du. Hilerria dago bertan. Aozaratza, Arratabe eta Otalora etxeak monumentu izendatuta daude.



Atzera