gerra

iz. 1. Herri, giza talde edo estatu bi edo gehiagoren arteko arma bidezko borroka. Gerra eta bakea. Gerra deklaratu. Gerra egin. 2. (hed.) Borroka, liskarra. • gerra hotz. Bi estatu edo estatu-multzoren arteko tentsio eta etsaigo-egoera, gatazka armaturik gabea, baina armada indartsuak eratzea ezaugarri duena. Talde bakoitzaren xedea arerioaren erregimen politikoa propaganda, presio ekonomiko, espioitza-lan, erakunde sekretu, etab.en bidez suntsitzea izaten da. || gerra iraultzaile. Arazo nazional eta sozialetan oinarrituz herri bateko biztanleak altxarazteko ekintza, arerioei aurre egin eta botereaz jabetzeko asmoz. || gerra konbentzional. Ohizko armak, hots, ez nuklearrak, ez biologikoak, ez kimikoak, erabiliz egiten dena. || gerra psikologiko. Arerioaren armada eta biztanleen gogo-egoeran eragitea eta beraien morala hondatzea helburu duen ekintza-multzoa. || gerra santu. Erlijio-arrazoiengatik egiten dena. || gerra zibil. Herri, nazio edo estatu bereko biztanleen artekoa. || gerra zikin. Beren interesak defendatu, agintean iraun ahal izan edo beren helburuak lortu ahal izateko, talde, erakunde, gobernu edo estatuek, zeharkako bideak erabiliz, burutzen dituzten edonolako jarduerak, maiz legezkontrakoak, ofizialki inoiz aitortzen ez direnak.



Atzera