hotz

1. iz. Berorik eza, tenperatura baxua edo oso baxua, bereziki giza gorputzaren, giroaren edo dagokionak ohizkoa duen tenperaturaren aldean; bero-gabeziak gorputzean eragiten duen sentsazioa. 2. izond. Hotz-sentsazioa eragiten duena; tenperatura baxukoa edo behar edo nahi baino tenperatura baxuagoa duena. Ur, haize hotza. Izerdi hotza zerion gorputz guztitik. Janari hotza. 3. izond. (hed.) Erraz pozten, berotzen edo hunkitzen ez dena; garrik gabea, bihotz-hoztasuna adierazten duena. Emakume, gizon hotza. Odol hotzean egin zuen. Harrera hotza egin ziguten. 4. izond. PINT. Zenbait koloreri (berde argia, hori argia, etab.i) esleitu zaien koalitate subjektiboaz esaten dena (kolore beroei kontrajarririk). Kolore hotzak erabiltzeko joera du. 5. adb. Hotzez, hoztasunez. Buruz ederki ulertzen dut argudioa, baina lehen bezain hotz eta motz geratzen naiz. • hotz-bolada. METEOROL. Eremu zabal bateko haize-hozte nabaria, edo oso aire-masa hotza sartzea. • HOTZ(A) EGIN. Giro hotza izan (aspektu ez-puntuala denean bakarrik). || HOTZ IZAN. Giro hotza izan; hotz-sentsazioa izan. || HOTZ ETA MOTZ. Agur hotz eta motz bat eginda. || HOTZ(-HOTZ)EAN. Bihotz-berotasunik gabe; gehiegi pentsatu gabe. Hotz-hotzean hartutako erabakia. || HOTZAK AKABATZEN EGON. Izugarrizko hotz-sentsazioa izan. || HOTZAK EGON. Hotz-sentsazioa izan.
Gizarte modernoan hozte-sistemak janariak gordetzeko erabiltzen dira batez ere; hotzak bakterio, onddo eta lizunen eragin hondatzailea inhibitzen baitu. Erromatar eta grekoek menditik ekarritako izotza erabiltzen zuten beren elikagaiak kontserbatzeko. Familia aberatsek zurez eta lastoz isolatutako elur-zuloak izaten zituzten eta elurrak hilabetetan irauten zuen bertan. Hau izan zen hozte-sistema nagusia XX. mendearen hasiera arte.
Indian eta Egipton lurrintze-hoztea erabili zen. Likido bat azkar lurrintzen bada, bizkor hedatzen da. Lurrin-molekulen energia zinetikoa bat-batean handitzen da. Hori lortzeko molekulek ingurunetik zurgatzen dute beroa eta ondorioz ingurunea hozten dute. Beraz, ura sakonera txikiko azpiletan jartzen bada gau tropikal hotzetan, azkar lurrintzean, azpiletan izotza eratzen da, nahiz eta airearen tenperatura zero azpitik ez jaitsi. Lurrintze-baldintzak kontrolatuta izotz-bloke handiak eskura daitezke metodo honen bidez.
Azkar hedatzen ari den gasaren bidezko hoztea da gaur egun nagusia. Lurrintzearen bidezko hoztea mendetan ezagutu da, baina hozte mekanikozko metodoak XIX. mendearen erdialdean garatu ziren. O. Evans-ek 1805ean eginiko diseinuan oinarritu zen J. Gorrie fisikari estatubatuarra 1844an lehenbiziko hozte-makina egiteko.
1860 inguruan James Harrison australiarrak lurrin-konpresiozko hozkailua egin zuen. Garai berean F. Carré-k, Frantzian, sistema konplexuagoa garatu zuen; hozteko airea erabili beharrean azkar hedatzen den amoniakoa erabili zuen. Amoniakoa ura baino askoz ere tenperatura baxuagoan likidotzen da eta bero gehiago zurgatzeko gai da. Carréren hozkailuak asko hedatu ziren eta gaur egun sistema berean oinarritzen diren lurrin-konpresiozko hozkailuak dira erabilienak.
Amoniakoak arrakasta izan arren, arazo larri batzuk zeuzkan: jarioak sortuz gero, desatsegina eta toxikoa zen. 1920-30 artean amoniakoaren ordezko egokiak aurkitu ziren, horien artean freoia (CCl2F2) eta antzeko klorofluorhidrokarburoak. Freoia usaingabea da eta oso dosi handitan baino ez da toxikoa. Alabaina, atmosferako ozono-geruzaren hondatzaileak direla ikusi da eta 2000. urterako horien fabrikazioa eten egingo da eta beste produktu batzuk ordezkatu beharko dituzte hozkailuetan.
Hauek dira lurrin-konpresiozko hozkailu modernoaren osagai nagusiak: konpresorea, kondentsadorea, hedapen-sistema (balbula bat, kapilare bat, motore bat edo turbina bat) eta lurringailua. Gas hoztailea konprimatu egiten da lehenik eta gero hodi batean zehar kondentsadorerantz bultzatzen da. Kondentsadorean, lurrina duen hodiaren inguruan airea edo ura pasarazten da eta honek konprimatutako lurrinaren beroaren zati bat zurgatzen du. Hoztutako lurrina hedapen-balbula batean zehar presio txikiagoko gune batera pasarazten da. Lurrina hedatzen denean, behar duen energia ingurunetik zurgatzen du, hori hoztuz. Zikloa ixteko berotutako lurrina konpresorera itzultzen da, berriro lanean hasiz. Lurringailuek nahi den gunea zuzen-zuzenean hotz dezakete edota tarteko fluido bat erabil daiteke helburu bera lortzeko. Etxeko hozkailu gehienetan lurringailua janaria gordetzen den kamaran egoten da.




Atzera