logika

iz. 1. Arrazonamenduaren eta frogapenaren onargarritasun eta baliozkotasunaz arduratzen den zientzia. 2. Argudiatzeko era; batez ere, argudiatzeko era zuzena, ideien arrazoizko kateamendua. Haurraren logika. Arrazoibide baten logika. LOG. logika formal. Arrazonamendu deduktiboaren formaz eta egituraz arduratzen den zientzia, ikurrez baliatzen dena eta inferentzi erregelak formulatuz lan egiten duena. Bi adar nagusi ditu: proposizio-kalkulu edo -logika eta predikatu-kalkulu edo -logika. (Ik. kalkulu.) || logika matematiko. Logika formala. || logika modal. Ik. modal. || logika sinboliko. Logika formala.
Bi alditan bereizten da logikaren historia: Grezian sortu eta XIX. mendera bitarteko aldaketen ondorioz gorpuztutakoa, eta handik aurrerakoa. Aurrenekoaren oinarriak Aristotelek ezarri zituen bere silogismoaren teoriarekin eta arauekin, K.a. IV. m.an; Erdi Aroko filosofo eskolastikoek landu eta biribildu zituzten arau haiek, logika tradizionalaren gorputza osatuz.
Logika modernoak XIX. m.an du oinarria, logika eta matematika era ezberdinez hurbiltzeko hainbat autorek (Boole, Frege, Russell, etab.ek) egindako ahaleginetan. Ondorioz, logizismoa eskola sortu zen, eta gero, hori gainditu nahirik, formalismoa eta intuizionismoa.
Oro har, logikak arrazonamenduaren formaz dihardu, eta ez haren edukiaz, hau da, adierazpen (esakune edo proposizio) batzuetatik beste batzuk inferitzean erabiltzen den prozedura baliozkoa den ala ez aztertzen du (adib., baldin A, orduan B; A egia da; orduan B ere egia da formako silogismoan, A eta B esakuneen esanahia zeinahi delarik ere, egiten den inferentzia izan litezkeen mundu guztietan da baliozkoa). Hala bada, logika lengoaia formalez baliatzen da: ikur-multzo jakin bat, beroriek ongi eraikitako formuletan konbinatzeko arauak, eta direlako formulen arteko baliozko inferentziak egiteko arau-multzoa. A eta B bezalako esakune edo proposizioen barne-egitura kontuan hartzen ez duen logikaren atala proposizio- edo esakune-kalkulua da, eta barne-egitura hori koantifikatzaile eta aldagaien bidez lantzen duena, predikatu-kalkulua.




Atzera