neutroi

iz. FIS. Elektrikoki neutroa den oinarrizko partikula, protoiekin batera atomoen nukleoa osatzen duena. neutroi-bonba. Ik. bonba.
Neutroia hadroien taldeko partikula da. Bere masa protoiarena baino handixeagoa da, eta elektroiarena baino 1838,65 aldiz handiagoa.
Mesoiak igorri edo zurgatuta, neutroia protoi bihur daiteke, edota alderantziz. Egoera askean ezegonkorra da eta protoi, elektroi eta antineutrino bana ematen du.
Desintegrazio nuklearretan neutroi askeak lor daitezke bai azeleragailu batek emandako energia handiko partikulez substantzia bat bonbardatuz, bai iturri erradioaktiboa erabiliz, baita erreaktore nuklear batean fisio-erreakzioez baliatuz ere.
Neutroiek garrantzi nabarmena dute bi propietate nagusi direla medio: batetik, materian sartzeko ahalmen handia dute, izan ere, elektrikoki neutroak direnez partikula positiboek ez dituzte errefusatzen. Bestetik, arrazoi berbera dela eta, nukleoek zurga ditzakete; sarritan, neutroi bat edo gehiago zurgatzen dituen nukleo egonkorra, isotopo erradioaktibo baten gune ezegonkor bihurtzen da.
Fisio-erreakzioetan igorritako neutroi lasterrek milioi bat elektronvolteko energia izan ohi dute eta azkarregiak izaten dira katen erreakzioa mantentzeko. Dena den, zenbait substantziatako atomoekin behin eta berriro talka eginaraziz moteldu egiten dira harik eta beren abiadura agitazio termikoaren parekoa den arte. Orduan neutroi termiko edo mantsoak bihurtzen dira, eta katen erreakzioa sortu eta mantentzeko gauza dira.




Atzera