azeleragailu
iz. AUTOM. Ibilgailuak motorearen potentzia kontrolatu eta abiadura handiagotu edo txikiagotu ahal izateko duen mekanismoa. • partikula-azeleragailu. FIS. Oinarrizko partikulen energia zinetikoa handitzeko aparatua. Partikula atomiko, azpiatomiko eta haien antipartikulak detektatzeko eta ikerketak egiteko erabiltzen da.
Azeleragailuetan elektrikoki kargatutako partikulak (elektroiak, protoiak, ioiak, etab.) eremu elektrikoen eraginpean jartzen dira. Eremu hauek grabitate-eremu gisa jokatzen dute. Lurraren grabitate-eremuan harrapatutako objektua lurrerantz gero eta abiadura handiagoaz abiatzen den bezala, azeleragailuaren eremu elektrikoen barnean gero eta abiadura handiagoaz murgiltzen dira partikulak. Aparatu hauen azelerazio-ahalmena, haietan partikulek lortzen duten energia zinetikoaz neurtzen da, hau elektronvoltetan adierazten delarik.
Azeleragailuak partikula-iturri bat du mutur batean. Hortik askatutako partikulak huts-hodi batean barrena pasarazten dira aire-molekulekin talka egin ez dezaten, bestela abiadura berehala galduko bailukete. Azeleragailu linealean partikula-iturria, goritasun-punturaino berotutako metalezko hari gori bat adibidez, mutur batean dago eta beste muturrean partikula-erasoa jaso behar duen objektua ezartzen da. Bi muturren artean bata bestearen ondoan ezarritako tutu-erako elektrodo-sail bat dago lerro zuzen bat eratuz eta elektrodook goi-maiztasuneko korronte alternoko sorgailu batera konektaturik daude. Korrontea alternoa denez, elektrodoen polaritatea ere alternoa da eta gainera elektrodo bakoitzaren polaritatea haren ondoko elektrodoarenaren kontrakoa izango da beti. Iturriak igorritako elektroiak lehen elektrodo positiboak erakarri eta, ondorioz, azeleratu egingo ditu. Elektroiak lehen elektrodoa zeharkatu ondoren, hau negatibo bihurtuko da eta elektroiak aldaratu egingo ditu. Bitartean bigarren elektrodoa positibo bilakatuko da eta lehenengo elektrodoak aldaratutako elektroiak erakarri egingo ditu. Beraz, partikulak berriro ere azeleratu egingo dira. Bigarren elektrodoa zeharkaturik, korrontearen norantza berriro aldatu eta bigarren elektrodoak partikulak aldarazi egingo ditu hirugarrenerantz, honek erakarri egingo dituelarik. Horrela, elektrodo guztietan barrena igaroko dira elektroiak eta, hainbat kilometrotako ibilbidearen amaieran, ia argiaren abiadura lortuko dute. Orduan ituarekin talka egiten dute, honen atomoetan desintegrazioak eraginez. Hauetan partikula atomikoak askatu eta partikulen arteko elkarrekintzak gertatzen dira.
Abiadura handiagoa eta energia gehiago ere lor daitezke partikulak ibilbide zirkular edo helikoidalak jarraitzera behartuz. Goi-maiztasuneko azeleragailuak dira betatroia, ziklotroia, sinkroziklotroia eta sinkrotroia. Azken mota honetakoak dira partikulei energia gehien ematen dietenak.
Azeleragailu elektrostatikoetan funtzionamendua desberdina da. Azelerazioa ez da pixkanaka lortzen, kolpe batez baizik. Van de Graaff-en azeleragailua da hauetan arruntena. Eroale isolatuek karga elektrikoa metatu eta potentziala handiagotu egin dezakete eta horretan oinarritzen dira aparatu hauek. Elektrizitate-iturri bat eta metalezko esfera baten artean amaigabeko zirrinda bat pasatzen da karga elektrikoak iturritik esferara garraiatuz. Esferaren eta eraso beharreko objektuaren arteko potentzial-diferentzia milioika voltekoa izatea lortzen da horrela. Ondoren, huts-hodi batean barrena partikula-deskarga gertatzen da esferatik objektura. Lehenengo erreakzio nuklear artifiziala honelako azeleragailu batean azeleratutako partikulekin lortu zen.
Atzera