tipografia

iz. ART. GRAF. Inprimaketa-prozedura, erliebean landutako zeinuen (letrak, zenbakiak eta puntuazio-zeinuak) moldeak erabiltzen dituena.
Inpresio tipografikoa da Gutenberg-ek erabili zuen inpresio-teknika. Konposatu behar den orrialdean erliebean landutako karaktereak ezarri behar dira (konposizio tipografikoa) eta horiek gero inpresio-zilindroan ezarri. Ondoren, tinta-arrabolaren bidez tinta ematen zaie karaktereei; hauen gainean papera pasarazten da eta, presio-arrabolaren laguntzaz, tinta papereratu egiten da.
Sakongrabatua eta offset-a teknika aurreratuagoak eta kalitate handiagokoak badira ere, tipografia asko erabiltzen da oraindik.
Tipografiaren helbururik behinena letra irakurterrazak egitea da eta, ondoren, letra horiek estetikoki atseginak izatea lortzea. Gaur egun gehien erabiltzen diren letra-motak hiru letra-estilo nagusitan bil daitezke: letra erromatarra, letra etzana eta letra lodia. Latindar alfabetoaren letra larriak K.o. I. m.an finkatu ziren; letra xeheak ondoren garatu ziren. Karlomagnok idazkera-mota batu zuen bere inperioan VIII. m.an eta horren antzeko idazkera nagusitu zen Iberiar eta Italiar penintsuletan ere. Azken honetan oinarrituko ziren gero karaktere erromatarrak; bitartean eskribauek azkarrago idazteko aukera ematen duen letra etzanaren aitzindaria izango zen idazkera garatu zuten. Alabaina, Alemanian eta Britainia Handian Karlomagnoren garaiko idazkeratik letra gotikoa garatu zen, ertz ugarikoa eta lerro lodikoa; berau izan zen inprentak erabili zuen lehen tipoa. Inprenta asmatu ondorengo 50 urteetan, XV. m.aren bigarren erdian, tipografiako arauak eta tipoak batu egin ziren Europa osoan. Errenazimentuan letra gotikoa baino letra-mota borobilago eta argiago bat erabiltzen hasi zen Italian: letra erromatarra izenekoa, lerro mehe elkarzut eta paraleloz osatua, zuzena eta oineko lerroarekiko elkarzuta, letra etzanari kontrajarria. XVI. m.an Europa osora hedatu eta nagusitu zitzaion letra gotikoari, Alemanian izan ezik eta bera da gaur egun ere letra-eredurik erabiliena, aldaera askoren (Times, Courier, Geneva, ...) oinarria.




Atzera