Prusia

Alemaniako I-ko antz.ko estatua. Antz.ko Prusia Vistula eta Niemen ibaien arteko lurretan zegoen. Godoek okupatu ondoren, Baltiko aldeko herri bat, borusiarrak edo prusiarrak, egokitu zen han. Kristauen konkista-saioei eutsi zieten X-XIII. m. bitartean, baina Zaldun Teutonikoen Ordenak konkistatu egin zuten, Aita Santuaren eta Inperio Sainduaren laguntzaz (1228-60). XIV. m.an, Prusia osoa kristaututa eta germaniartuta zegoen. Hiri nagusiak Hansa barruan geratu ziren eta Baltikoaren alde hartako merkataritza kontrolatu zuten. Polonia eta Lituaniaren arteko batasunaren beldur, Poloniari eraso zioten Zaldun Teutonikoek 1410 eta 1454-66 urteetan. Galdu eta Poloniaren subiranotasuna aitortu behar izan zuten (Torungo bakea, 1466). XVI. m.aren hasieran, Luther-en erreformarekin bat egin eta ordena desegin zuen Alberto Brandenburg-ekoak. Prusia Poloniaren menpeko jaraunspeneko dukerri bilakatu zen (1525). Gero Joan Sejismundoren Brandenburg-eko hauteslearen eskuetara igaro zen dukerria (1618) eta, hala, Hohenzollern familiaren menpean geratu ziren Baltikotik Vistularainoko lurraldeak. 1701ean, Austriako enperadoreak dukerria erresuma bilakatu zuen eta Federiko III.a Brandenburg-eko hauteslea Prusiako lehen errege bilakatu zen, Federiko I.a izenaz. Federiko Gilermo I.aren erregealdian (1713-40) Prusiak Europako armadarik onena eratu zuen. Federiko II.ak Austriako habsburgtarrekin zuen aliantza hautsi eta Prusia Austriaren arerio nagusi bilakatu zen (1740-86 bitartean). Federiko II.aren garaian, Silesia eta Poloniako zenbait lurralde eskuratu zuten prusiarrek. Bestalde, Frantsesen aurka Valmy (1792), Jena (1806) eta Tilsit-eko (1807) guduak galdu arren, Leipzig eta Waterlooko guduetan eta Vienako kongresuan (1814-15) galdutako lurrak berreskuratu zituzten. Germaniar Konfederazioko herririk aberatsena bilakaturik, indartsu hasi zen zabaltzen bertan pangermanismoa. 1828an, Alemaniako I-ko estatuen arteko aduana-batasuna, Zollverein izenekoa, eratu zen Prusiak bultzaturik. Austriako inperioak ez zuen Germania handiaren aldeko proiekturik onartu eta ordutik aurrera Austriarik gabeko Alemania txikia lortzeari ekin zioten agintari prusiarrek.



Atzera