entzumen

iz. 1. Soinua hautematen duen sentimena. Itsuei ematen zien ikusmena, eta gorrei entzumena. 2. PEDAG. Entzundakoa ulertzeko trebetasuna, oinarrizko lau hizkuntz trebetasunetako bat.
Ornodun guztiek eta eboluzio-maila apalagoko beste animalia askok dute entzumen-sistema bat eta organo berezi espezializatu bat soinuak jasotzeko. Barne-belarria da gizakiaren eta ugaztunen entzumenaren organoa. Belarri-pabilioiak soinuen bibrazioak jasotzen ditu, nerbio-pultsu bilakatu eta garunera bidaltzen dira entzumen-nerbioan zehar.
Hiru ezaugarri dituzte entzumenaren bidez jasotzen diren soinuek: ozentasuna, tonua eta tinbrea. Lehenbizikoa denbora-unitate batean belarrira iristen den energi kopuruari dagokio. Tonua soinuen bibrazioen maiztasunen araberakoa da. Giza entzumenak soinu harmonikoa (musikako notak) jaso ahal izateko, hotsen bibrazioen maiztasunak tarte eta muga jakin batzuen barruan egon behar du (gutxienez hamabost ziklo segundoko eta gehienez hogei mila); muga horietatik gora soinua zarata bilakatzen da eta behera soinuak infrasoinuak dira eta gizakiak ezin ditu entzun. Hala ere, beste animalia batzuen goiko muga gizakiarena baino askoz ere handiagoa da, eta estimulu ultrasonikoen aurrean erreakzionatzeko gaitasuna dute.
Normalean, soinuek ez dute bibrazio bakar bat izaten, gehienetan hainbat tonu izaten dituzte aldi berean. Denetan baxuena eta intentsitate handienekoa oinarri-tonua da, eta horren osagarri direnak sekundarioak edo harmonikoak dira. Azken hauek tonuari ematen dioten ezaugarria tinbrea da. Horri dagokionez, entzumenak badu tonua bereizteko ahalmena; hau da harmoniko asko dituen soinuen artean, tonu jakin bat bereizteko ahalmena.




Atzera