erregeorde

iz. 1. Monarkia bateko errege edo erreginaren ordez, hura adinez txikia, kanpoan edo gaixorik dagoelako, gobernatzen duen agintaria. Don Antonio Manrique, Naiarako duke eta Nafarroako erregeordea. 2. Erresuma bateko lurralde batean erregearen ordezkari den agintaria. Peruko erregeordea.
Erresumako lurralde jakin bateko (erregeorderriko) erregeordearen kargua, erakunde iraunkor gisa, Aro Modernoan sortu zen; Erdi Aroan erregeak eginkizun mugatu batzuetarako eta aldi jakin baterako izendaturiko ordezkariak ziren erregeordeak. Erregeorde iraunkorra ere erregeak edo erreginak berak izendatu ohi zuen. Karguak ez zuen iraupen jakinik batzuetan, besteetan, berriz, hiru, bost edo sei urterako izan ohi zen, eta erregeordearen eskuduntzak guztiz zabalak edo estuagoak izan zitezkeen. Erregeorderriko agintari nagusia zen erregeordea, eta erregea edo erregina bakarrik zeukan gainetik.
Bereziki, Espainiako inperiokoa izan zen horrelako erregeordearen erakunde iraunkorra, Ameriketako erregeorderriei zegokiena. Baina Brasilen ere titulu bera hartu zuen XVII. mendearen erdialdetik aurrera bertako kapitain jeneralak. Era berean, XIV. mendetik aurrera Ingalaterrak Irlandan ezarritako gobernadoreak erregeorde-titulua zeukan; berdin Erresuma Batuak 1858tik 1935era Indian zuen gobernadore jeneralak.
Espainiako erresumak penintsulako eta Mediterraneoko bere menpeko hainbat lurralde historikori erresuma-titulua errespetatu zion denboraldi luzeago edo motzagoan: Galizia, Aragoi, Katalunia, Valentzia, Mallorca, Napoli, Sizilia, Sardinia erresumak izan ziren Espainiako erresuma eratu ondoren; horietako agintari nagusia, berriz, erregeordea zen, Espainiako errege-boterearen ordezkoa.
Nafarroako erresumak ere, Gaztelakoaren menpe ezarri zutenean (1512), erresuma-titulua gorde zuen, baina Espainiako erresumaren lurralde bihurtuta; ordutik aurrera Espainiako errege-agintearen ordezkoa eta menpekoa (erregeordea) besterik ez zen izan. Nafarroako erresuma historikoaren iparraldeko parteak, Pirinioez gorakoak, ere erresuma-titulua gorde zuen, baina Frantziako erregetzak zuzenean agindu zuen parte horretan ere, bere tituluari "Nafarroako errege" ere gaineratuz.
Nafarroako erregeordetza ez zen kargu isolatua izan, eta erresuma subiranotik zetozen bestelako erakundeek inguratua zegoen: Erret Kontseilua, Erresumako Diputazioa eta Erresumako Gorteak. Horiek mugatzen zuten nolabait erregeordearen boterea, Espainiako errege-botereak ezarritako mugez gain. Nafarroa Garaiak 1841ean galdu zuen bere erregeordea, erresuma probintzia bihurtzean, eta Erresumako Diputazioa Probintziako Diputazio Foral.
Errege-boterearen benetako tituluduna adinez txikia delako edo gaixo dagoela eta, horren hutsunea betetzera datorren erregeordetzaren erakundea legez ondo mugatua egon izan da, eta dago orain ere, normalean. Espainiako 1978ko Konstituzioak bere 59. artikuluan eraentzen du erregeordearen ezarpena; gaixotasunaren kasuan Gorteek deklaratu behar dute aurrenik erregearen edo erreginaren gobernatzeko ezgaitasuna.
erregeordealdi




Atzera