fosil

iz. eta izond. 1. Aurreko geologi aroetan bizi izan zen animali eta landarearen hondakin edo aztarna, geruza sedimentarioetan lurperatuta arroka bihurturik kontserbatu dena. 2. (hed.) Erabat aldagaitza edo zaharkitua. Hizkuntza motela eta ia fosila erabiltzen duelako.
Fosilak, batik bat, eskeletoak, oskolak eta organismoaren zati gogorrak, degradazioari aurre egiten dioten zatiak, alegia, izaten dira. Baina degradatutako izakien fosilak ere badaude; kasu hauetan fosilizazioa oso baldintza zehatzetan gertatzen da: ehun organikoek, filtrazio-uretako substantzia mineralak bereganatuz, beren konposizio kimikoa aldatzen dute, organoaren forma bere hartan mantendu arren. Beste batzuetan, mineralek materia organikoa disolbatzen dute eta desagertu egiten da, arrokan arrastoa utzita. Landareak karbonizatu egiten dira eta erregai fosilak eratzen dituzte. Oso baldintza onetan, organismoaren zati bigunak ederki kontserba daitezke; hala gertatzen da basamortuetan edo oso eskualde lehorretan, non animalien gorputzak momifikatu egiten baitira sarritan. Berdin gertatzen da organismoa gatz edo izotz blokeetan harrapatuta geratuz gero (izotzetan azaldu ziren Siberiako mamutak). Intsektuak, sarritan, anbarretan sartuta aurkitzen dira; duela milioika urte existitu ziren koniferoen erretxina fosiletan, alegia.
Fosiletatik abiatuta posible da, eta xehetasun handiz, antzinako garaietako gure planetako bizitza berregitea. Horretarako aztertu behar izaten dira arroketan grabatutako oin-markak, hortz-arrastoak zenbait objektutan, hezur artean geratutako ehun-hondarrak, harri bihurtutako gorotzak (koprolitoak) eta beste.




Atzera