kontzertu

iz. 1. MUS. Musika-lanak jendearen aurrean interpretatzen diren emanaldia. Udal-txistularien kontzertua. 2. MUS. Orkestra eta instrumentu solista bat edo birentzat idatzitako konposizioa. Mozarten piano-kontzertuak. 3. ZUZ. Gai jakin bati buruz pertsona juridiko bi edo gehiagoren arteko hitzarmena. • kontzertu ekonomiko. ZUZ. Eremu ekonomiko batek gobernu zentralari ordaindu beharreko kontribuzio-, errenta- eta zerga-kopurua zehazten duen sistema. Adiera hertsian, Hego Euskal Herriko probintzien eta Espainiako gobernuaren arteko akordio berezia, XIX. m.an ezarria: probintziak, eta ez estatuak, zerga guztiak edo gehienak jaso eta gobernu zentralari aldez aurretik erabakitako zati bat ordaintzen dio. Kontzertu ekonomikoa, zehazki, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokio; Nafarroan 1841etik antzeko sistema bat erabiltzen bada ere, konbenio esaten zaio.
Konbenioaren eta kontzertuaren agerpena foraltasunaren deuseztatze-prozesuari loturik dago: Nafarroan, konbenioak 1841eko Lege Itundua delakoa du iturburu; gainerako probintzietan, bigarren Karlistadaren ondorengo Foruen abolizioak. 1876an Cánovasen gobernu liberalak euskal foruak deuseztatu zituen, baina fisko-berezitasunak mantendu ziren nolabait. 1878an sinatu zen lehen kontzertua; lege-maila ez zuen gobernuaren eta probintzietako aldundien arteko hitzarmena zen: probintzia estatuari urtero zergen zati finko bat (kupoa) ordaintzera lotzen zen, eta aldundiak zerga gehienak jasotzeko eskubidea zuen (aduanetako mugasariak, tabakoa eta antzeko beste monopolioak salbu). Honek, de facto, aldundiei beren zergak ezartzeko eta, bide batez, administrazio-eskumen bereziak eskuratzeko aukera eman zien. Zergak Espainiako beste probintzietan baino txikiagoak ziren eta hau, agian, kapitalak eta inbertsioak erakartzeko baliagarria izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoa bizkor industrializatzen ari ziren garaian. Aldundiek gastua antolatzeko zuten autonomia eta erreztasuna (ez zuten estatuko administrazioak dirua noiz bidaliko zain egon behar) onuragarriak izan ziren bertako ekonomiarentzat, garraiabideen arloan batik bat.
Foru-garaiko sistemarekiko desberdintasunak nabariak dira, hala ere: 1876 aurretik zerga-ordainketa ez zen batere erregularra ("borondatezkoa" zen, nolabait) baina, orduz geroz, akordioa Espainiako gobernuaren borondatean zetzan, eta ez zuen lege-mailarik. Izan ere, kontzertu ekonomikoa foru-sistematik egitura konstituzionalera samurrago igarotzeko "behin-behineko" neurria zen (1886 arte, hau da, zortzi urterako), probintziak sistema berrira ohitu eta beharrezko estatistikak burutu arte. Baina, aldundien presioagatik eta euskal gizartean lortu zuen adostasunagatik edo, finkatuz joan zen eta bigarren kontzertua sinatu zenean, 1887an, "instituzionalizatu" egin zela esan daiteke. Harrezkero, berrikusten zen akordio bilakatu zen; hurrengoak 1894, 1906 eta 1925ean sinatu ziren (Nafarroako konbenioa lau aldiz berritu zen 1841etik: 1876, 1927, 1941 eta 1969an).
Francok Bizkaia eta Gipuzkoako kontzertuak ezabatu egin zituen, eta Arabakoa eta Nafarroako konbenioa mantendu; hala ere, bi herrialde hauen fisko-eskubideak murriztu egin zituen.
Kontzertuak negoziazio-prozesu luze-zailen emaitza ziren, eta tirabira ugari gertatzen zen aldundietako ordezkarien eta gobernu zentralaren artean. Negoziazioak hiru probintziek batera egiten zituzten, baina kupoa eta zergak jasotzeko bideak desberdinak ziren probintziatik probintziara. Lehen kontzertua 1887an berritu zen eta, harrezkero, iraupen mugagabeko akordio bihurtu zen.
1894ko berritzeak, Gamazo ogasun-ministroaren ahalegin zentralistaren garaian burutuak, kupoaren igoera nabarmen bat ekarri zuen, batez ere artean bizkor industrializatzen ari zen Bizkaian, baina aldundien eskumenak ez ziren ukitu: kontzertuak "tradizio" bihurtzen ari ziren.
1906ko berritzeak berriro kupoaren igoera handia ekarri zuen (baina ez Ogasun-Ministerioak nahi zuen adinakoa) eta 1904an sorturiko Liga Foral Autonomista delakoaren ahaleginaren testuinguruan sartu behar da; aldarrikatzen zuen foru-berreskurapena lortu ez bazen ere, badirudi Ligak, Gipuzkoan batez ere, probintziaren indar-posizioa finkatu zuela kontzertu ekonomikoaren aurrean eta horren ondorioak, kontzertuari dagokionez, aldundientzat positiboak izan ziren.
Primo de Riveraren diktaduraren garaian, 1925ean, sinatu zen bosgarren kontzertua, luze negoziatu ondoren. Aldundientzat abantailak ekarri zituen: hogeita bost urteko iraupena eman zitzaion, eta aldundiek bereganatzen zituzten zergen kopurua handitu egin zen. Hala ere, kupoa nabarmen handitu zen eta aldundiak zergak handitu beharrean aurkitu ziren.
Bigarren Errepublika garaiko autonomi estatuari buruzko eztabaidek ez zuten oso argi utzi zein izango zen kontzertuen lekua ordenamendu berrian. Nolanahi ere, 1937an Francok kontzertuak Bizkaian eta Gipuzkoan ezabatu zituen, baina Arabako kontzertua eta Nafarroako konbenioa mantendu egin zituen. Arabako kontzertua 1952an eta 1976an berritu zen. Gipuzkoa eta Bizkaiko udal batzuk kontzertua berrezartzearen alde agertu ziren, 1966tik aurrera batez ere, baina erregimen frankistak ez zuen amore eman.
1979an Euskal Autonomi Elkartean autonomi estatutua ezarri eta gero, 1981ean kontzertua berritu egin zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako. Estatutuan bertan azaltzen da kontzertuen ezarpena. Egoera berriak kontzertua finkatu egin du: lehengoak baino maila juridiko handiagoa du, Estatutuan agertzeaz gain Espainiako gorteek onartutako legea baita (aurreko kontzertuak gobernuaren dekretuak baino ez ziren). Bestalde, aldundiek zerga eta kupoen administratzaile izaten jarraitzen badute ere, kontzertuen negoziazioen ardura nagusia Eusko Jaurlaritzak du; alde honetatik aldundiek protagonismoa galdu dute.
Kontzertua foru-ordenamenduaren jarraipen gisa ere ulertu nahi izan da: foruak legez desagertu baziren ere, foru-sistema ez zen deuseztatu, izatez kontzertuak euskal probintzietako berezitasunen jarraipena bermatzen zuelako; fisko-mailakoak ziren, baina, azken finean, administrazio berezian isladatu ziren. 1876an Cánovas Espainiako batasuna sendotzen saiatu zen, baina aldi berean euskal probintzien nolabaiteko "autonomi" maila mantendu zuen, besteak beste ezin zuelako euskal liberalen aurka aritu, hauetako asko aldi berean foruzaleak baitziren. Alabaina, ezin da bi ordenamenduen arteko aldea ezkutatu: 1876ko abolizio-legeak euskal Erregimen Zaharraren azkeneko arrastoak garbitu zituen. Berezitasunak mantendu ziren, baina mota ezberdinekoak: foru-ordenamenduak, hein batean behintzat, euskal probintziak Espainia feudal eta absolutistarekin lotzen zituen; kontzertua, ordea, Espainia burges eta konstituzionalera moldatzeko bideetako bat izan zen. Bide bitxia, noski, aldi motz baterako asmatu zen behin-behineko neurri hura iraunkor bihurtu baita.




Atzera