protestantismo
iz. Erreforman sortutako erlijio-doktrinen eta elizen multzoa.
Erromako hierarkiaren gehiegizko aginpidea eta ustelkeria zirela medio, eliza kristaua erreformatzearren XVI. m.an eginiko ahaleginak, Erreformak alegia, banaketa handia ekarri zuen Mendebaldeko kristautasunaren baitara, protestantismoa eta katolizismoaren arteko banaketa sortuz. Aldi berean protestantismoak hiru erlijio-korronte nagusi hartu zituen bere baitan, hots, luteranismoa, kalbinismoa eta Zwingliren jarraitzaileak. Geroago anglikanismoa, metodismoa, kongregazionalismoa, etab. eratu ziren. Dena dela, abiaburu doktrinala bera da. Batetik, Biblia da errebelatutako egiaren iturri bakarra. Bestetik, gizon-emakume bekatariak fedez soilik zintzotuko dira. Ministro-apaizgoa ukatu egiten dute, fededun guztiak dira apaiz. Jainkoaren haraindikotasuna edo transzendentzia nabarmentzen dute. Elizaren alderdi instituzional, liturgiko eta sakramentuzkoei ez diete lehentasuna ematen, bai ordea, Jainkoaren Hitzaren predikuari eta berau entzuteari.
Protestantismoa Europa eta Ameriketara zabaltzearekin eta interpretazio doktrinalak ugaritzearekin lehen eliza protestanteen baitako banaketa gertatu zen. Frantzian kalbinismoa oso azkar hedatu zen herri xehearen eta goi-nobleziaren zenbait sektoreren artean, jazarpen latza pairatu arren. Inperio germaniarrean protestante eta katolikoen arteko antagonismoak Hogeita Hamar Urteko gerra (1618-48) ekarri zuen, Westfaliako itunaren bidez amaitu zena. Ingalaterran, Maria Tudor katolikoaren agintaldi odoltsuaren ostean, eliza anglikanoaren autonomia berrezarri zen; Eskozian, John Knox-en lanari esker erlijio nagusi bihurtu zen. Kongregazionistak, Ingalaterrako Elizatik banandutako talde puritanoa, Robert Brownek gidatutakoa, puritanoak berak baino erradikalago aritu ziren 1580tik aurrera. 1647 aldera George Fox-ek kuakeroen mugimendua fundatu zuen Ingalaterran. Bestalde, Europa kontinentalean beste mugimendu erlijioso batzuk sortu ziren, horien artean pietismoa izan zen garrantzitsuena. Mugimendu honek eragin handia izan zuen metodismoan. XIX. m.an doktrina metodista Europa eta, batez ere, Estatu Batuetan zabaldu zenean, sarritan sektatzat jo izan diren talde txikiak sortu ziren, besteak beste, Jehovaren testiguak, adbentistak eta mendekostearrak.
Atzera