latindar

1. adj. eta iz. Lazion edo antzinako Erroma inguruan bizi ziren herrietako kidea; herri horiei dagokiena. 2. adj. eta iz. Latinetik eratorritako hizkuntzetako batez hitz egiten duten herrietako kidea; herri horiei dagokiena. 3. adj. Latinarena edo hari dagokiona; latinezkoa. 4. adj. Jerusalemgo erresuma latindarrekoa edo hari dagokiona. 5. adj. Konstantinoplako Inperio Latindarrekoa edo hari dagokiona. bela latindar. ITSAS. Bela triangeluarra, mastari zeihar zaion haga batetik alde luzeenetik zintzilikatzen dena. || Eliza latindar. ERL. Errito latindar edo erromatarra erabiltzen duena. || latindar alfabeto. Jatorriz etruskoen alfabetoaren egokitzapena zen eta latina idazten zen alfabetoa, gerora hizkuntza erromanikoen eta latinetikoak ez diren hainbat hizkuntzaren alfabeto bilakatu dena.
HIST. Latindarrak jatorriz indoeuroparrak ziren eta II. milurtekoaren erdialdean Italian indarrez sartu ziren, Lazio (Latium) hartuz eta egoitza bertan finkatuz. Erromatarren kondaira batek dioenez, Latinus izan zen Lazioko biztanleen erregea, latindar arrazaren heroi mitikoa. Lazio etruskoen menpean egon zen lehenik (K.a. VI. m.), Erromako azken errege etruskoa, Tarkino, tronutik kendu zuten arte (509). Geroago, etruskoen eta Shakespeare-k ospetsu egingo zuen Koriolanok gidaturiko bolskoen aurka borrokatzeko, latindarrek, hiri-estatuak osatu eta konfederazio handiak eratu ohi zituzten. Konfederazio hauetariko garrantzitsuena Liga latindarra izan zen (K.a. V-IV. m.), hogeita hamar hiri hartzen zituena. Ligaren buru Alba Longa hiria izan zen eta erlijio-zeremonia nagusiak bertan egiten ziren. Ligak botere handia bildu zuen eta zenbait urtetan honen aginduetara egon behar izan zuen Erromak, ligako hiriek hautatzen baitzuten diktadorea, besteak beste. Erromak inguruko herriak erabili zituen ligaren aurka, bolskoak bereziki, eta liga barnean bertan ere konfederatuen arteko liskarrak pizten saiatu zen beti, ligaren indarra ahultzearren. K.a. 338an erromatarrek liga abolitu egin zuten eta, ondorioz, latindarrak erromatar arrunt bilakatu ziren, Erromaren menpeko herritar.




Atzera