Inkisizioa
Heresia zapaltzeko eta heretikoak zigortzeko prozedura kanonikoa, Inozentzio III.a aita santuak sortua (1215). Halaber, Inkisizioa deritzo helburu horrekin Eliza katolikoan eraikitako auzitegi iraunkor berezien multzoari. Gregorio IX.ak eraiki zuen lehen Inkisizio-auzitegia (1231), bereziki kataro eta albitarren aurka borrokatzeko. Tortura erabiltzea Inozentzio IV.ak zilegitu zuen (1252). Heriotza-zigorra aplikatzeko, auzitegiak beso sekularrari entregatu ohi zion kondenatua. Hiru Inkisizio-auzitegi mota bereizi behar dira historian: a) Erdi Aroan kuria erromatarrak kristandadean eraikitakoak; b) Espainiako Inkisizioa, Errege-erregina Katolikoek sortua (XV-XIX. m.); c) Sede Santuko Inkisizioaren Kongregazio nagusia, 1542an sortua. Espainiako Errege-erregina Katolikoek beren esku zuten inkisidore nagusiak hautatzea -Tomás de Torquemada izan zen aurrena-. Inkisizioa Sizilia, Napoli, Milan, Herbehereak eta Amerikako kolonietara ere zabaldu zen; 1834an behin betirako ezabaturik geratu zen. Euskal Herrian, sorginkeriaren aurkako zapalkuntza gogorra (XVII. m.) ezaguna bada ere, Inkisizioak beste egiteko ugari bete zuen: muga eta portuetako jende- eta liburu-trafikoaren kontrola, Durangoko heretikoen aurkako errepresioa, etab.
Atzera