Yemen
(Al-Jumurijah al-Jamanijah). Arabiar penintsulako H-ko estatua, Adengo golkoaren ertzean. Mugak: I-an Saudi Arabia; E-an Oman; H-an Omango itsasoa; M-an Itsaso Gorria. Lurralde gehiena mortua da, baina mendi-magaletako haran eta ibaiek mikroklimak sortzen dituzte, non nekazaritza oparo garatzen den. Nekazaritzan (kafea, kotoia eta garia), abeltzaintzan (gameluak, ardi-azienda) eta petrolio-industrian oinarritzen da ekonomia. Populazioa M-ko mendien inguruetara eta itsasertzera biltzen da; arabiarrak dira gehienak.
Historia. K.a. I. milurtekoan lau erresuma osatu ziren Arabiako H-an, eta Sabako erresuma izan zen guztietan garrantzitsuena, lehen mailako merkataritza izan baitzituen Asiako ekialdeko lurraldeekin. VI. m.an etiopiarrak eta gero persiar sasandarrak egin ziren lurraldearen jabe. 628tik aurrera Inperio musulmaneko prob. bilakatu zen. IX. m.an iman zaidiak, xiismo moderatua erabiliz, erresumako jaun bihurtu ziren eta dinastia horretako kideak 1962ra arteko gobernuetan egon ziren. 1517-38: otomandarrek kostaldea eta Aden hiria hartu zituzten. 1839: britainiarrek Aden konkistatu eta Yemengo H-an beren protektoratua ezarri zuten. 1920: iman zaidiek gobernatutako erresumaren independentzia onartu zen. 1962: estatu-kolpe baten ondoren, Yemengo Errepublika arabiarra (Ipar Yemen) aldarrikatu zen. 1959-63: Adenek eta protektoratu britainiarreko sultanerri gehienek Hego Arabiako Federazioa osatu zuten. 1962-70: Ipar Yemengo gerra zibilean erregezaleek Saudi Arabiaren laguntza izan zuten eta errepublikarrek Egiptorena. 1967: Hego Arabiako Federazioak burujabetasuna lortu zuen. 1970: Ali Rubaiji-k estatuburu egin zutenean (1969), konstituzio marxista-leninista zuen Herri-Errepublika Demokratikoa (Hego Yemen) ezarri zuen. 1974: Ipar Yemenen Ibrahim al-Hamadi koronelak boterea lortu, konstituzioa bertan behera utzi eta alderdi politiko bakarra desegin zuen. 1977: gerra zibila piztu zen eta al-Hamadi hil egin zuten. 1978: Ipar Yemengo Errepublikako lehendakari izendatu zuten Ali Abdallah as-Salih, eta urte berean hil egin zuten Ali Rubaiji. 1988: Yemen bateratzeko prozesuari ekin zioten eta bi urtera, gauzatu egin zen batasuna. Ali Abdallah as-Salih hautatu zuten Yemengo Errepublikako lehendakari eta Abu Bakr al-Atas lehen ministro. 1994: gerra zibila iparraldekoen eta hegoaldeko independentzizaleen artean, batasuna arriskuan jarri zelarik. 1994-95: muga arazoak Saudi Arabia eta Eritrearekin. 1997: hauteskundeetan Ali Abdallah as-Salih lehendakari berrautatu zuten.
Atzera