fantastiko
izond. 1. Fantasiari dagokiona. 2. Alegiazkoa, erreala ez dena. 3. ART., LIT. eta ZIN. Errealitatea alde batera utzi eta ametsak, naturaz gaindikoa, magia, izua edo zientzi fikzioa gaitzat hartzen dituen genero edo obra artistiko, literario edo zinematografikoaz esaten da.
Literatura fantastikoa XVIII. mendearen bukaeran, Ilustrazioan, agertu zen. Naturaz gaindiko indarren eta gizakiaren arteko harremana era laikoagoan azaltzea zen hasierako lanen ezaugarri nagusietako bat (Beckford-en Vathek; Cazotte-ren Deabru Maitemindua): sakratuaren eta egunerokoaren arteko muga eteteak ekarri zuen literatura fantastikoaren oinarria eta, hortik abiaturik, gizakiaren barnean, ametsaren eta kontzientziaren artean dagoen etenak, azken batean.
1820 eta 1950 artean azaldu ziren genero honetako maisu-lanak Europan eta EEBBetan. Oinarriak ezarri zituztenak, besteak beste, Hoffmann, Arnim, Tieck, Washington Irving, Hawthorne, Mérimée eta Balzac izan ziren; Edgar Allan Poe-k ekarri zuen ipuinen bidez, egituraren logika zorrotza eta Henry James-ek narrazio teknika berritzaileak. Gai fantastikoa Maupassant-ek bere ohizko errealismoaren aurrez aurre ipini zuen; Oscar Wilde-rentzat, berriz, gizartean eta gizabanakoarengan sentitzen zituen etenak adierazteko tresna egokia izan zen.
Literatura fantastikoaren ildoan, azken urteetako joera nagusiak, logikaren kontraesanak finkatzen eta zientziaren ezin guztiak agertzen ahalegindu dira. Hasiera hartako naturaz gaindiko irudiak (fantasmak, munstroak, berpiztutakoak, etab.) alde batera geratu dira; errealitatea bere osotasunean atzemanezina dela azaltzea da helburua, alegia, arrazionaltasunak egiten duen edozein baieztapenek beti izango duela hutsuneren bat agertzea.
fanti
Atzera