galdara

iz. 1. Pertza. 2. Helburu jakin baterako ura berotu edo ur-lurrina sortarazten duen ontzi itxia. 3. GEOL. 1 eta 20 km arteko diametroa duen kraterra, pareta bertikala edo harmaila-erakoa duena, lehenagoko krater baten leherketaz edo lurraren hondoratze mailakatuaz sortua.
Galdararik sinpleena su gainean jarritako ontzi zilindrikoa da; dena den, galdara makina termikoetako osagai nagusietako bat da, makinaren gune beroa alegia, eta sistema konplexua izaten da. Ur edo lurrinaren erabilpenaren (berokuntza-instalazioetarako, turbina birarazteko, etab.etarako) arabera finkatzen dira galdararen funtzionamendu-presioa eta gainerako ezaugarriak. Galdararen barneko ura berotzeko gehien erabiltzen diren erregaiak gasolioa, ikatza (lehen egurra ere bai) eta gas naturala dira, baina erresistentzia elektrikoak ere erabili izan dira. Beroa beste fluido bero batek ere eman dezake; adibidez, zentral nuklearretako galdaretan erreaktoreko hozte-zirkuitutik hartzen da bero-energia, baina horrelakoetan galdara ez eta bero-trukagailu edo lurrin-sorgailu izena eman ohi zaio.
Errendimendua handiagotzearren, uraren eta bero-iturriaren arteko azalera handiagotzeko sistemak garatu dira. Bero-iturria ur-ontziaren azpian ez eta barnean jartzen da. Hauetan bi mota nagusi daude: su-iturritik irteten den tutu-sorta batek ur-masa zeharkatzen du (ke-tutuak), ura berotuz eta lurrinduz; edo errekuntza-kamara zeharkatzen duten tutu berotzaileetan barrena iraganarazten da ura (ur-tutuak). Azken sistema honetan ur gainberotua-ren teknika erabiltzen da: ura 100 ºC-tik gora egoera likidoan iraunarazten da, horretarako ur-zirkuitua presiopean jarriz.
Betiere errendimendua hobetzearren, hainbat gailu lagungarriz hornitzen dira galdarak: aurrezkailua, galdarara sartzen den ura aldez aurretik berotzeko; aire-berogailua, errekuntzarako airea berotzeko; eta, errekuntzaren ke beroaz baliaturik, galdaratik irteten den lurrina berotu eta lehortzen duen hodibihur berotzailea.
Gehiegizko presioaren eraginez galdara leher ez dadin, segurtasun-balbulak ezartzen dira, lurrina gehienezko presio onargarrira iristen denean automatikoki irekitzen direnak. Kilogramo bat erregai erabilita, urari emandako beroaren eta erregaiaren bero-balioaren arteko zatidura da galdararen errendimendua; industrian gaur egun erabiltzen diren galdaren errendimendua % 80 ingurukoa da.




Atzera