hipika

iz. Zaldiz egiten diren kirolen edo kirol-jardueren multzoa (lasterketa, poloa, patoa, etab.).
Zaldi gainean ibiltzeko antzea oso aspaldikoa izan arren, orain bi mende inguru hasi zen kirol gisa praktikatzen. Hasiera batean lasterketa-saioak egin ohi ziren, esate baterako, Saint Legerekoa Doncaster-en (1776) eta Epsom-eko derbya (1780), baina denborarekin oztopo-lasterketak, zebadura-probak, etab., hots, ekitazio-probatzat hartzen direnak egiten hasi ziren. Zebadura (1900az geroztik), oztopo-jauzia (1912az geroztik) eta lehiaketa osoa (1920az geroztik) joko olinpikoen programan daude.
Zebaduran hamabi minutu eta erdian ibilera, geldialdia, norabide-aldaketa, mugimendu eta figura batzuk txukun burutu behar dira 60 x 20 m-ko pistan; bost epailek ematen dute puntuazioa. Oztopo-jauzia da probarik ezagunena: ibilbide jakin batean jauziz gainditu beharreko 10-15 oztopo daude ezarrita. Oztopo batzuk bertikalak dira (landare-hesiak, langak, ateak eta hesiak) eta beste batzuk anizkoitzak (oxer bikoitzak, barra paralelozko langak, etab.). Zaldiek 6 urtetik gorakoak izan behar dute eta gainean 75 kilo eraman behar dituzte (zaldizkoa barne). Hutsegite gutxien denbora laburrenean egitea lortzen duen zaldizkoa da garailea. Lehiaketa osoa izenekoa ondoz ondoko hiru egunetan zehar egiten da eta hiru proba burutu behar dira: zebadura-ariketa, erresistentzi proba (35 km-ko ibilaldia toki malkartsuetan) eta ohizko jauzi-ariketa. Hiru probetan puntu gehien lortzen duenak irabazten du. Probarik zailena eta gogorrena da.




Atzera