koito

iz. Goi-mailako animalia ar baten zakila emearen baginan sartzean datzan ekintza; hedaduraz, arraren zakila beste indibiduo baten gorputzeko edozein barrunbetan sartzeari ere esaten zaio. • koito eten. Coitus interruptusa.
Koitoa gertatu ahal izateko, ezinbestekoa da indibiduo arrek eta emeek ezaugarri bereziak dituen hainbat organo izatea. Arraren kasuan organo hori penisa da (gizonaren penis edo zakilak iraizketarako eta ugalketarako balio du). Koitoa bera baino lehenago, zakila handitu egiten da bertara heltzen den odol-fluxua dela medio. Erekzioari esker, normalean biguna den eta zintzilik egoten den zakila handitu eta zurrundu egiten da; honela errazagoa gertatzen da berau emearen baitan sartzea. Sexu-estimulua beharrezko mailara heldutakoan, arrak bere semena eiakulatzen du emearen ugal-barrunbera eta ugal-zelula emea, obulua, ernaldu egiten da. Semen-ekoizpena eta arraren portaera sexuala hormona androgenoek kontrolatzen dute. Emearengan, zakila hartzen duen organoa bagina da. Baginak uteroa kanpoaldearekin lotzen du eta fetoa kanpora irteteko bidea ere izaten da.
Zenbait animaliaren kasuan, koitoa sasoi jakin batzuetan soilik gertatzen da. Ugal-sasoi esaten zaion denbora-tarte horretan, ar zein emeek beren ugal-organoak koitorako prestatzen dituzten hormona sexualak ekoizten dituzte. Ugal-sasoiaz kanpo, hormona sexualen maila txikiagoa izaten da eta animaliak ez du kopulatzeko bulkadarik sentitzen.




Atzera