lurrun

iz. 1. Egoera normalean likido edo solidoa den substantziaren gasa, bereziki likido batetik edo gorputz heze bero batetik sortzen dena. Lapikoari lurruna dario. 2. Giro-tenperatura baino hotzagoko solidoen gainazalean sortzen diren ur-tanta oso txikien geruza. 3. Indar higiarazle gisa erabilitako ur-lurruna. • lurrun gainberotu. FIS. Irakite-tenperatura baino beroago dagoena. || lurrun-makina. TEKNOL. Ur-lurrunaren bero-energia energia mekaniko transformatzen duen makina. Presiopeko lurrunak zilindro batean dagoen pistoi higigarri bati eragiten dio, atzera-aurreko higidura sortuz, eta berau, biela eta biradera baten bidez, biraketa-higidura bihurtzen da (adib., gurpil bat higiarazteko). || lurrun-presio. FIS. Ontzi itxi bat osorik betetzen ez duen likido batetik lurruntzen diren molekulek likidoaren gainazalean eragiten duten presioa, tenperatura igotzean handitzen dena.
FIS. Likidoak lurrun bihurtzen dira bai lurrunketaz (berotu behar izan ez denean), bai baporizazioz (agitazio termikoa areagotzen duen berotzearen ondorioz). Bi kasuetan molekula-multzo batek -elkarren artean talka eginez ari diren bitartean- beharrezkoa duen energia hartzen du likidoaren gainazaleko tentsioa gainditu eta atmosferan sakabanatzeko. Fenomenoak intentsitate maximoa lortzen du beroak likidoa irakinarazten duenean. Bestetik, likidoaren lurrunketa handiagoa da zenbat eta txikiagoa izan likidoaren gainazalak jasaten duen kanpoko presioa. Honela bada, hutsean likidoa bat-batean eta erabat lurruntzen da. Lurrunketa ontzi itxi batean gertatuz gero, aurreneko lurrunari lehor edo ez-asea esaten zaio. Ondoren, lurrunak likidoari eragiten dion presioa areagotu egiten da lurrunketa gerarazten duen oreka sortu arte; ontzia betetzen duen lurrunari asetzaile deritza. Fenomeno hau sorrarazten duen presioa lurrun-presioa da. Zenbat eta txikiagoa izan likido baten lurrun-presioa, orduan eta errazago (tenperatura baxuagoan alegia) lurrunduko da. Likido baten lurrun-presioa tenperaturarekin handitzen da, eta irakite-puntuan lurrun-presioa presio atmosferikoaren berdina da.




Atzera