saskibaloi
iz. KIR. Bosna jokalariko bi talderen artean jokatzen den kirola; baloia, betiere eskuz, kontrako taldearen eremuan dagoen saskian sartzean datzana.
Saskibaloiak 1890ean hartu zuen gaur egun duen itxura, J. Naismith gimnasiako irakaslearen eskutik. Joko Olinpikoetan lehenengo aldiz 1904an sartu zen eta 1932an Saskibaloi Amateurraren Nazioarteko Federazioa (FIBA) eratu zen. Bigarren Mundu-Gerraren ondoren Europa osora zabaldu zen.
Jokalekua 28 x 15 m-koa da eta baloiak 600-650 gr-ko pisua eta 75-78 cm-ko zirkunferentzia du. Ekipo bakoitza hamar jokalarik osatzen dute; nahi adina aldaketa egin ditzake entrenatzaileak bi arbitroei baimena eskatu gabe, zelaian bost jokalari baino gehiago ez dagoen bitartean. Ez dago atezainik eta talde osoak eskuartzen du saskia gordetzen; halere, pibotak bere saskiari dagokion eremua babesten du eta aurkakoen jaurtiketak galarazteko ardura du. Joko-denbora 20 minutuko bi zatik osatzen dute (denbora erreala neurtzen da, etenaldi guztietan kronometroa gelditu egiten da). Jokalariak bi urrats baino ezin ditzake egin baloia eskuetan duela, zein eta boteak emanarazten ez dizkion. Aurkako jokalariei ez dago heltzerik, bultz egiterik edota hanka-besoez oztopatzerik. Jaukimenduak jaurtiketa libreekin zigortzen dira; zenbait arau-urratze falta pertsonal izendatzen da (5 falta pertsonaletik gora egin duen jokalaria kanporatu egiten dute eta ordezko bat sartzen da). Saskiratze normalek bi puntu balio dute (3 puntu, 6,25 m-ko marratik kanpo burutuz gero); jaurtiketa librekoek, berriz, puntu bakarra balio dute. Ekipo irabazlea puntu gehien lortzen dituena izaten da.
Atzera