telekomunikazio

iz. Urrutiko informazio-transmisioa, hari nahiz kable metalikoetan zeharreko korronte elektrikoa, uhin elektromagnetikoak (bereziki irrati-uhinak) edo prozedura optikoak erabiliz egiten dena.
Telekomunikazioak informazioa urrutira ia bat-batean igortzeko erabilitako sistema-, gailu- eta teknika-multzoak hartzen ditu bere baitan. Transmisio horietan erabilitako bitarteko nagusien artean irrati-komunikazioa, kablezko igorpena eta satelite artifizialak daude. Telekomunikazio-sistemek erabiltzen dituzten informazio-motak honako hauek dira: soinu bidezko transmisioak, ikusmen-sistemetako irudiak, ordenadoreen bidezko datu-prozesaketa, zeinu grafikoak eta telegrafoa.
XVIII. m.aren amaieran hasi zen distantzia urrunetarako transmisio edo igorpenen benetako historia. C. Chappe-k 1791n telegrafo optikoa erabiltzeko moduan jarri ondoren, 1873an S. Morse-k bere izena daraman kodea asmatu zuen eta telegrafo elektrikoa abiarazi zuen. D. Hughes-ek tresna inprimatzailea erantsi zion 1854an, eta E. Baudot-ek 1874an hobetu egin zuen sistema hori. Telefonoa, berriz, 1876an asmatu zuen Graham Bell-ek. E. Branly-k tresna hargailuen organo nagusia eskaini zuen 1890ean. Aurkikuntza horiek guztiak erabiliz, G. Marconi-k 1901ean Ozeano Atlantikoan zeharreko irratizko lehen komunikazioa lortu zuen arrakasta osoz.
Lurreko TELECOM sateliteek beste aro bat ireki dute. 1958an Score satelitea jarri zen orbitan eta berehala igortzeko mezuak erregistratzen zituen. 1964tik aurrera, TELECOM satelite gehienak orbita geoegonkorrean ipini ziren Ekuatoreaz gaindik 36.800 km-ra kokatuta. Horrela 24 ordutan ematen diote bira Lurrari eta Lurreko igorgailu eta hargailuen antenei aukera ematen diete ia batere mugitu gabe irauteko.




Atzera