Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Alemaniako E-an 1949an sortu eta 1990 arte iraun zuen estatua. Hbru. Ekialdeko Berlin. Sobietarrek II. Mundu-Gerraren ondoren okupatutako Alemaniaren zatian sortu zen 1949an. Alderdi Sozialista Batua izan zen alderdi bakarra eta estatua eredu sozialistaren arabera antolatu zen. 1952: egitura federala utzita estatu zentralizatu bihurtu zen. 1955: Vartsoviako Itunera bildu zen. 1961:E-ko alemaniarrek M-ko Alemaniara ihes egin ez zezaten, Berlin erdian harresi bat eraiki zuten. Horrela Ekialdeko eta Mendebaldeko Berlin bereizi egin ziren. 1963: planifikazio ekonomikoaren sistema hertsia leundu eta malgutu egin zen. 1971: E. Honecker alderdiko lehen idazkari bilakatu zen eta W. Stoph gobernuburu. 1972: bi Alemaniek ituna sinatu zuten elkarren arteko harremanak normalduz. 1976: Honecker errepublikako lehendakari izendatu zuten. 1989: erregimen komunistaren aurkako manifestazio erraldoiak izan ziren eta hiritar askok Alemaniako Errepublika Federalera alde egin zuen. Honecker eta Stoph-ek dimititu egin zuten eta Berlingo harresia eta Alemanien arteko muga ireki egin ziren. 1990: hauteskunde libreak antolatu eta koalizio ez-komunistak irabazi zituen. Brandenburg, Mecklenburg-Mendebaldeko Pomerania, Saxonia, Saxonia-Anhalt eta Turingia land-ak bermatu eta gainera, Berlingo land berria sortu zen. Ondoren, land guztiok Alemaniako Errepublika Federalera bildu ziren. 1990eko urriaren 3an Alemaniaren batasuna aldarrikatu eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa deuseztatu egin zen.



Atzera