Austria

(Republic Osterreich). Europaren erdialdeko estatu federala. Bederatzi prob. edo land-etan banatuta dago: Austria Beherea, Austria Garaia, Burgenland, Karintia, Salzburg, Estiria, Tirol, Viena eta Vorarlberg. Mugak: I-an, Txekiar Errepublika eta Alemania; M-an, Liechtenstein eta Suitza; H-an, Italia eta Eslovenia; E-an, Hungaria eta Eslovakia. Alpeek hartzen dute lurraldearen zatirik handiena (% 70) eta haran zabalez osatuta dago: Inn, Drava, Enns, Mur, Salzach. IE-an lautadak daude: Danubio eta Burgenland. Alpeetako urak bi aldetara isurtzen dira: batetik, I-ra Rhin eta Danubiora, eta bestetik, H-ra Mediterraneorantz. Klima, altitudearen, haizearen eta mendiko baldintzen arabera aldatzen da; E-an, negu hotzak eta uda labur eta euritsuak. Hiru nekazaritza-mota bereiz daitezke: lautadakoa (zerealak, azukre-erremolatxa), mendikoa (polikultiboa eta abeltzaintza) eta goi-mendikoa (abereentzako larreak). Industriak ere pisu handia du: insdustria astuna, kimikoa, papera, ehungitza, esnekiak. Zurezko tailak eta musika-instrumentuak. Turismoa: mendi-kirolak (Tirol, Vorarlberg) eta kultura (Viena, Salzburg).
Historia. Gero Austria izango zen lurraldea Hallstatt zibilizazioaren gunea izan zen K.a. I. milurtekoan. Erromatarrek Austria inbaditutakoan ezarritako kanpamendu militarren kokalekuak izan dira hiri nagusien aitzindariak: Vindobona (Viena), Kolonia Hadriana (Salzburg) eta Lentia (Linz). Barbaroek eta abaroek inbaditu zuten III-VII. m.etan. 796: Karlomagnok barbaroak eta abaroak egotzi eta Ekialdeko Marka sortu zuen. Austria orduan jaio zela esan daiteke; 996.tik aurrera, markak Osterreich izena hartu zuen. X. m.an magiarrek inbaditu zuten, baina 955ean Oton Handiak askatu eta Babengerg familiari eman zion. 1156: Ekialdeko Marka jaraunspenezko dukerri bihurtu eta, Babenberg familiaren esku, oparoaldia bizi izan zuen. 1251-78: Bohemiaren eskuetara pasatu zen. 1278: Rodolfo Habsburg-ekoak bereganatu eta Austria Habsburg-eko etxearen esku geratu zen. 1438: Alberto V.ak germaniar enperadore izendatu zuen bere burua Alberto II. izenaz. Beronen seme Federiko izan zen hurrengo enperadorea Federiko III.a izenaz (1440-93). Honek, bere seme Maximiliano Maria Borgoniakoarekin ezkondu zuen (1447). 1493: Maximiliano I.ak habsburgtarren lurralde guztiak jarauntsi eta germaniar enperadore izendatua izan zen. Gainera, Maria Borgoinakoarekin ezkonduta zegoenez, Herbehereak eta Borgoina ere eskuratu zituen. Ondoren bere semea Espainiako oinordekoarekin eta bere ilobak Bohemia eta Hungariako erresumetako oinordekoekin ezkondu zituen. Ondorioz, Maximilianoren iloba zen Karlos V.a enperadorea izango zenak Espainiako tronua hartu zuenean (1516), Espainia eta honen inperioa habsburgtarren eskuetan geratu ziren. 1555-56an abdikatu zuenean ordea, bere seme Felipe II.ari utzi zizkion Espainia eta Herbehereak, eta Austria anaia Fernando I.ari. XVI-XVII. m.: Otomandar inperioari Europako M-ra zabaltzea eragotzi zion Austriak. Erreforma katolikoaren abiapuntu izan zen eta Alemaniaren desegite politiko eta erlijiosoa eragotzi zuen Westfaliako itunaren bidez (1648). XVIII. m.: Frantziaren aurkako gerra (Herbehereak eta Italiako zati bat bereganatu zuen), Ondorengotza-gerra (Silesia galdu zuen) eta Zazpi Urteko gerra. 1792: Frantzisko II.a enperadore berriak Frantziaren aurkako gerran parte hartu zuen. Napoleonek bi aldiz garaitua izan eta gero, 1806an Austriako inperioa izenaz bildu zituen estatu guztiak, Dalmazia, Tirol eta Italiako lurraldeak galdu ondoren. 1814-15: Napoleonek kendutako lurraldeak Vienako Kongresuan berreskuratu eta Italiako I-an nagusitu egin zen. Germaniar konfederazioa zuzendu eta Europan nagusi agertu zen. 1859: Frantzia eta Piemonteren aurkako gerran Lonbardia galdu zuen. 1866: Prusiaren aurkako gerra Sadowako guduan galdu ondoren, Alemaniako lurraldeak eta Venezia galdu zituen. 1867: boterea Austria eta Hungaria artean banatu zen. Horrela jaio zen austrohungariar inperioa. 1882-15: Alemania eta Italiarekin Aliantza Hirukoitza sinatu zuen. 1908: Bosnia-Herzegovina bereganatu zuen. 1914: tronurako oinordekoa zen Frantzisko Fernando artxidukearen hilketak Sarajevon Lehen Mundu-Gerra piztu zuen. 1916: Karlos I.a izan zen Frantzisko Jose I.aren ondorengoa. 1918: Mundu-Gerraren amaieran austrohungariar inperioa erori eta bi estatu sortu ziren. 1920: Austriako errepublika federala sortu zen, 9 land-etan banatua. 1930: Austriako nazionalsozialistak agertu ziren, Anschluss-en aldekoak (Austria Alemanian sartzearen aldekoak) zirenak. 1938: Hitler-en aginduz, Alemaniako armada Austrian sartu eta bereganatu egin zuen. Austria Reich-eko probintzia bihurtu zen: Ostmark edo Ekialdeko Marka. 1945: Bigarren Mundu-Gerra amaituta, Austria berriz ere errepublika federal bihurtu eta lau zatitan banatu zuten aliatuek. 1955: aliatuek subiranotasuna itzuli zioten eta estatu neutral bilakatu zen. 1945. urteaz geroztik, alderdi popularra eta sozialista txandakatu dira gobernuan. 1989: Austriak Europako Elkartean sartzea eskatu zuen eta hori bozkatzeko 1994an egin zuen erreferendumean baiezkoa nagusitu zen. 1992: T. Klestil alderdi popularrekoa hautatu zuten lehendakari. 1997: V. Klima sozialista kantzelari bilakatu zen.




Atzera