Kanbodia

(Roat Kampuchea). Asiako HE-ko estatua, Thailandiako golkoan. Mugak: I-an Thailandia eta Laos; H-an Vietnam eta Thailandiako golkoa; E-an Vietnam; M-an Thailandia eta Thailandiako golkoa. Eskualdea lautada handi bat da, Tonle Sap aintzira eta Mekong ibaien inguruko haranez osatua. Thailandiako mugan eta HM-an daude mendiak. Montzoi-klima tropikala du, epela eta hezea; udan eta udazkenean euri asko egiten du. Nekazaritza da jarduera ekonomiko nagusia (arroza, tapioka, artoa, soia, tabakoa eta azukre-kanabera). Abeltzaintza (txerriak eta bufaloak) eta basogintza garatzen ari dira.
Historia. K.a. II. eta I. milurtekoetan herri neolitikoak bizi izan ziren gaur egun Kanbodia dagoen lurraldean. Ondoren, khemerren zibilizazioa hasi zen garatzen. I-V. m.: Mekong inguruan Funango erresuma hinduista nagusitu zen; harreman estuak zituen Txina eta Indiarekin. VI-VIII. m.: Chenlako erresumak Funangoa konkistatu zuen. VIII. m.: erresuma bitan banatu zen: H-an itsasaldeko Chenla eta I-an mendialdeko Chenla. IX. m.: Jayavarman II.a erregeak (802-36) erresuma batu, monarkia ezarri eta hiriburua Mahendraparvatan (Angkor izango zenaren ondoan) ezarri zuen. Eguzki jainkoarenganako kultua ezarri zuen. Haren ondorengoek Angkor fundatu (~890), lurraldeak konkistatu eta estatu boteretsua sortu zuten. XII-XIII. m.: Jayavarman VII.a budismora bihurtu zen eta Angkorko inperioak gainbehera egin zuen. 1434: Angkor hiria, siamdarren erasoak zirela eta, baztertu eta gortea g.e. Phnom Penh ondoan finkatu zen. XV-XIX. m.: lurralde-batasuna mantentzearren borroka asko izan zituen Kanbodiak Siam eta Annamgo (Vietnamgo) erresumekin. 1594: hiriburua Lovek-en ezarri zen. XVI. m.: europarrak iristen hasi ziren. XVII. m.aren hasieran siamdarrek Lovek konkistatu eta khemerrak Siam-en menpean gelditu ziren. XVIII. m.: Mekong ibaiaren arroa Annamgo erresumak konkistatu zuen. XIX. m.: Kanbodiako lurraldea siamdar eta annamdarren arteko borroka-leku izan zen. I-ko muga, Thailandiakoa, lausoa zen eta gatazka asko sortu zen. 1863: Norodom I.ak (1859-1904) frantses protektoratua onartu zuen. 1940: Thailandiak, Japoniak lagunduta, Kanbodia mehatxatu zuen; eta Tokioko itunaren arabera (1941-V-9), mugako hainbat lur Thailandiari eman behar izan zizkion. Bigarren Mundu-Gerran Japoniak Thailandiarekiko harremanetarako eta britainiarrei erasotzeko erabili zituen Kanbodiako lurrak. Bigarren Mundu-Gerra ondoren Kanbodiako nazionalismoa indartu eta kolonialismoaren kontrako borroka piztu zen. 1949: lurraldeak independentzia mugatua lortu zuen. 1955: Frantziarekiko menpekotasuna behin-betirako hautsi zen. 1941az geroztik errege zen Norodom Sihanuk-ek tronuari uko egin eta estatuburu bilakatu zen 1960an. Politika neutrala egin zuen eta Vietnamgo gerran ez sartzen saiatu arren, 1970ean CIAk antolatutako estatu-kolpe batek agintetik kendu zuen. Lon Nol jeneral eskuindarrak hartu zuen agintea eta EEBBen aldeko politika burutu zuen. Sihanuk Pekin-en erbesteratu eta khemer komunistekin EEBBen aurkako aliantza egin zuen. 1975: Txinaren laguntza zuten khemer gorriek Phnom Penh hartu, gobernua eskuratu eta aurreko erregimenaren aldekoak jazarri egin zituzten. 1976: konstituzio errepublikarra aldarrikatu eta Kanputxea Demokratikoa izena hartu zuen Kanbodiak. 1978: Vietnam-ek Kanbodiari eraso zion. 1979: Heng Samrin buru zuen gobernua ezarri zuen. Gerra zibila piztu zen. Txinak Pol Pot buruzagi komunistaren khemer gorriei lagundu zien eta SESBk Vietnamen aldekoa zen Heng Samrin-i. Gerra bizirik egon arren, Vietnamen aldeko estatu berriak indarra hartu zuen; konstituzio berria egin eta Kanputxeako Herri-Errepublika izena hartu zuen.
1982: oposizioak, nazionalistek eta khemer gorriek koalizio-gobernua osatu zuten erbestean, Singapur-en. NBEk gobernu hau onartu egin zuen. 1989: Kanputxeako Herri-Errepublikak izen ofiziala aldatu eta Kanputxeako Estatua izena hartu zuen. Vietnamgo tropak behin-betiko erretiratu ziren. 1991: Parisen sinatutako akordio baten arabera, alderdi desberdinez osatutako Batzorde Nazional Gorena eratu zen. Norodom Sihanuk izan zen batzordeko lehendakari. Batzordea Phnom Penh-en kokatu zen eta, hauteskundeak egin bitartean, NBEren gidaritzapean gobernatu zuen. 1993: hauteskundeak egin, koalizio-gobernua osatu eta Sihanuk errege izendatu zuten. Khemer gorriek ez zuten parte hartu gobernuan.




Atzera