Lazkao

Gipuzkoako udalerria, Agauntzaren ertzean (Goierri); 5.023 bizt. (lazkaotarrak). I-an Beasain eta Ordizia, E-an Zaldibia, H-an Ataun eta M-an Olaberria ditu mugakide. Industria (metalurgia, kimika, ehungintza eta elikagai-industria) da jarduera nagusia; basogintza, abeltzaintza (behiak) eta nekazaritzak (barazkiak) garrantzi gutxiago dute. Lanean ari den populazioaren ia % 60 bigarren sektorean dabil eta % 40 eskas hirugarrenean. XX. m.an populazioak etengabe gora egin du 1980ko hamarkada arte: mendearen hasieran 947 biztanle ziren, 1950ean 1.817, 1981ean 5.185 eta 1991n 5.023. Historia. 1053koa da Lazkaori buruzko lehen aipamen idatzia. Areriako Alkatetza Nagusiaren barnean egon zen hasieratik. Oso antzinatik Olaberriak eta biek justizi arazoetarako herri bakar gisa jokatzen zuten, hala baitzuten akordioa; 1804an deuseztu zen akordioa. Enirio eta Aralar mendiak komun ustiatzeko eratutako Bozue Txikiko Batasuneko kide ere izan zen. 1399an Ordiziari uztartu zitzaizkion Lazkaoko zenbait etxe eta atzera itzuli egin ziren 1648an. 1845ean, Areriako Alkatetza Nagusia desegin zenean, Lazkao udalerri independente bilakatu zen. Artea. San Migel eliza gotikoa XVI. m.an hasi zen eraikitzen. Gurutzeriaz estaliriko lau zatiko nabea eta oinplano angeluzuzena ditu. Abside erdizirkularrak esfera-laurdeneko ganga du. Barnean XIV. m.ko Esperantzaren Amaren imajina gotiko bat dago. Valdemiano edo Lazkaotarren jauregia XVII. m.an eraiki zen. Fatxada hiru ataletan banatuta dago: erdiko atalean portada dago, buruan armarria eta albo banatara zutabe klasikoak dituela. Alboetako atalak dorretzar modura zutitzen dira. Monumentu izendatua dago. Beneditarren komentua jatorriz jauregi izana da, XVII. m.an eraikia. Santa Ana edo bernardotarren komentuak eliza du zatirik aipagarriena. Gurutze latindarreko oinplanokoa eta barnealdean nahiz fatxadan ez du ia apaingarririk. San Prudentzio ermita 1024ko agiri batean aipatzen da: XIV. m.ko Ama Birjinaren eta San Prudentzioren imajinak daude bertan.



Atzera