Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Europako eta Asiako estatu ohia, 1918an sortu eta 1991n desagertua. Gaur egun estatu independente diren Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kazakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tadjikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan errepublikek osatu zuten. 22.400.000 km2 eta 1990ean 292 milioi bizt. zituen. Mosku izan zen hbru.
Historia. 1917: Urriko iraultzaren ondoren boltxebikeek boterea eskuratu eta Errusiako Errepublika Sozialista Sobietarra sortu zen; Lenin izan zen lehendakari. 1918: Sobietar Errepublika Sozialista Federatua aldarrikatu zen; Brest-Litovsk-eko ituna ezarri zion Alemaniak. Armada Gorriaren (komunisten) eta Armada Zuriaren (antikomunisten) arteko gerra zibila piztu zen. 1919: III. Internazional Komunista edo Komintern fundatu zuten Moskun. 1920: Baltikoko estatuen independentzia onartu zuen Errusiak. 1921: Armada Gorriak Armenia eta Georgia okupatu zituen. Urte berean Poloniarekin bakea sinatu eta politika ekonomiko berria ezarri zen. 1922: Stalin alderdi komunistako idazkari nagusi izendatu zuten. Errusia, Transkaukasia, Ukraina eta Bielorrusia izan ziren SESBko partaideak. 1925-53: Lenin hildakoan Stalin-ek Zinoviev, Kemenev eta Trotski alderdiaren zuzendaritzatik egotzi egin zituen, estalinismoari hasiera emanez. Politika ekonomiko berria baztertu eta bosturteko planak ezarri zituen. 1934: Nazioen Elkartean onartu zuten SESB. 1936: 11 errepublika federatuetarako konstituzio berria egin zen. 1936-38: polizia politikoak erregimena onartzen ez zuten guztiak Gulag-en kontzentrazio-esparruetara deportatu zituen eta Stalin-ek alderdi komunistan purga-kanpaina latza egin zuen. 1939: germaniar-sobietar ituna sinatu zen. Horri esker, Errusiak Poloniako E-ko lurrak, Baltikoko estatuak, Karelia eta Besarabia bereganatu zituen. 1941: Alemaniak eraso egin zion. 1944-45: sobietarrek Europako E-an alemaniarrak atzera egitera behartu eta Jaltako konferentzian hitzartutakoaren arabera Alemaniako ekialdea ere okupatu egin zuten. 1947: Kominform sortu zen. 1948-49: M-ko Berlin-ek sobietarren blokeoa jasan zuen. Gerra hotza piztu zen. 1950: Txinarekin adiskidetasun-ituna sinatu zuen. 1953: Stalin hil zen eta Khrustxev izendatu zuten alderdi komunistako idazkari nagusi. 1955: Varsoviako ituna sortu zen. Txinarekiko harremanak okertzen hasi ziren. 1956: Kominform erakundea desegin egin zen. Alderdi Komunistaren XX. kongresuak estalinismoaren hainbat alderdi kritikatu zituen. Hungariak erregimena aldatzeko eginiko saioa zapaldu egin zuen armada sobietarrak. 1962: Kuban misilak jarri zituela eta, EEBBekin arazoak izan zituen. 1964: Brejnev-ek Khrustxev ordezkatu zuen. 1968: Txekoslovakian militarki parte hartu zuen. 1972-79: armamentu estrategiko nuklearra murrizteko akordioak (SALT I eta SALT II akordioa) sinatu zituen EEBBekin. 1979: Afganistan okupatu zuen. 1982: Brejnev hil zenean Andropov-ek hartu zuen lehendakaritza eta 1984an Txernenkok. 1985: Gorbatxov-ek alderdiko lehendakaritza hartu eta erreforma-prozesuari, perestroika-ri alegia, ekin zion. Ekonomia birmoldatze-bidean jarri, erakundeak demokratizatu, desestalinizazioa sustatu, EEBBekiko harremanak berritu, etab. egin zuen. 1988: Afganistandik tropak atera zituen eta Txinarekin harremanak berrezarri zituen. 1989: lehen hauteskunde libreak egin ziren. Baltikoko eta Kaukasoko errepubliketan mugimendu nazionalistak indartu egin ziren. 1990: politika presidentzialista ezarri zen. Gorbatxov SESBko lehendakari hautatu zuten. SESBk Alemaniaren batasuna onartu zuen Moskuko itunean. Ekonomiaren liberalizazioak arazo larriak ekarri zituen sobietar gizartera eta harremanak hautsi ziren errepublika batzuen eta gobernu zentralaren artean. 1991n, komunistak estatu-kolpean saiatu ziren Gorbatxov-en aurka, baina huts egin zuten B. Jeltsin Errusiako lehendakariak eta armadako zenbait sektorek egindako erresistentziari esker. Estoniak, Letoniak eta Lituaniak independentzia lortu zuten eta SESB desegin zen. Ordu arteko errepublika sobietarrek independentzia aldarrikatu zuten eta Estatu Independenteen Elkartea (EIE) sortu zuten horietako gehienek.
Atzera