arroz

iz. 1. BOT. Gramineoen familiako landare belarkara eta urterokoa, zuntzezko sustraiak eta ertz latzeko hosto luzeak dituena. Lore hermafrodita txikiak eta kariopsi-motako fruituak ditu (Oryza sativa). 2. Delako landarearen ale edo hazia.
Asiako lurraldeetan du seguraski jatorria. Asiatik Afrika eta herrialde mediterranearretaraino iritsi zen eta Ipar Amerikan XVIII. mendean sartu zen.
Arroza da garia eta artoarekin batera munduan gehien kultibatzen den zereala, eta giza elikaduran garrantzi handia du Asiako zenbait eskualdetan oinarrizko elikagaia delarik. Arroz-alea egosita jangarria da; oraintsu arte horretarako azala kendu egin izan zaio. Azal eta guzti jatea, bitamina gehiago izatearekin batera, geroz eta ohitura hedatuagoa da.
Lehor-lurreko arroza eta ureztapeneko arroza bereizten dira. Lehenengoak, uzta txikia du eta ez da bestea bezain garrantzitsua. Asiako hegoaldean eta Hegoamerikako lurralde idorretan kultibatzen da. Ureztapeneko arroza, berriz, lur heze eta zingiratsuetan edota ureztaturiko terrazetan kultibatzen da. Normalean, landareak mintegi edo haztegietan kultibatzen dira (30-50 bat egunez) eta ondoren, mintegiko landare onenak zeharraldatu egiten dira. Nahiz eta ziklo begetatibo ia osoa urpeko lurretan pasa, ezin esan daiteke uretako landarea denik, urez bete gabeko lurretan ere ederki hazten baita. Tenperatura-aldaketek landareetan eragin handia dute eta hauek landareei eragiten dizkieten ondorioak leundu egiten ditu urak. Arrozaren kultibo-denbora 4-6 hilabetekoa da.
Munduko arroz-ekoizle handienak Txina, India eta Indonesia dira (halere, estatu hauetako barne-beharrak ez ditu asetzen). Herrialde esportatzaile nagusiak Thailandia, Birmania eta EEBBak dira.
arrozesne




Atzera