bando 2

iz. Alderdia, aldea. • bando-gerra. Berant Erdi Aroan Europa osoan izandako borrokak (XII-XV. m.), eta bereziki, nekazariza-giroko euskal nobleziaren barne-borrokei emandako izena.
Leinuan oinarritzen zen bandoa. Horiek garrantzi berezia izan zuten Erdi Aroan Euskal Herriko sistema sozioekonomikoan, sistema feudala bertan garatu ez zelako. Leinuen nolabaiteko egituraketa politikoa ziren bandoak. Haietakoak elkartuz edo bateratuz sortu ziren bandoak, leinu garrantzitsu eta indartsuenaren inguruan, ahaide nagusi lehena buru zutelarik. Interes ekonomiko eta komertzialak zeuden bandoen arteko borroken sustraian. Forma desberdinak eduki zitzakeen borroka horrek: duelu pertsonaletik hasi eta benetako bando-armaden (ehundaka eta milaka gizonezkoen) arteko gerra zabaleraino; leinu-dorretxeen aurkako erasoak ziren bando-borroken bestelako adierazpidea. Nekazaritzako nobleek gero eta gehiago gogortu zituzten nekazarien baldintza ekonomikoak eta laboralak; bandoen arteko borroketan nahasturik gertatu ziren horiek ere; horietako askok nagusien aurka altxatu edo ihes egin zuen, bidelapur bilakatuz; bestalde, nekazaritzako nagusien gehiegikerietatik eta bando-borroketatik eta horien inguruan ugarituriko bide-lapurrengandik babesteko eraiki ziren hiribilduak, harresiz inguratuta. Horien arteko ermandadeak eratu ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban XIV. mendean, neurri batez defentsako helburu berberarekin; XV. mendearen azken aldean hasi zen herrialde horietako bandoen gainbehera, ermandadeak indartzearekin batera. Nafarroako erresumako baldintza politiko eta sozialak eta Hego Euskal Herriko beste herrialdeetakoak desberdinak ziren: erret dinastien ondorengoek osatzen zuten hor noblezia; Nafarroako Joan II.a Trastamarakoaren erregealdiko krisi politikoaren ondorioz dinasti ondorengotzaren inguruan piztu zen bereziki agramondar eta beaumondar bandoen arteko borroka biziena; tartean zegoen Frantzia eta Gaztela nahasi ziren biek Nafarroa bereganatzeko zuten interesagatik; beaumondarrengan oinarritu zen Gaztela Nafarroa bereganatzeko. 1512an Errege-erregina Katolikoen armadak inbaditu egin zuen Nafarroa eta 1515ean Gaztelako koroaren pean ezarri zuen Pirinioetatik hegoalderako partea; hor amaitu zen bi bandoen arteko gatazka.




Atzera