fusio

iz. 1. FIS. Substantzia bat egoera solidotik egoera likidora pasatzeko prozesua. 2. EKON. eta ZUZ. Bategitea. FIS. fusio nuklear. Elementu arinen (deuterio edo tritioa, esaterako) nukleoak batzea, beste nukleo astunago bat eratzeko (helioarena); energia handia askatzen da prozesu horretan. Eguzkian eta hidrogeno-bonban gertatzen dira erreakzio hauek. Fusioan askatutako energia kontrolatzea lortuz gero, zentral nuklearretakoa baino arrisku gutxiagoko energi iturria izango da eskura. || fusio-puntu. Fusioa gertatzen den tenperatura. Transformazioa bukatu artean tenperatura ez da aldatzen.
FIS. Fusio-erreakzioak masa txikiko elementuen atomoek bat egitean gertatzen dira, baina hurbiltzen doazen heinean, protoien arteko aldarapenezko indar elektrostatikoak gainditu behar dituzte. Horregatik hartzen dira hidrogenoaren isotopo astunenak, nukleoan dituzten soberako neutroiek protoien arteko aldarapen-indarrak gainditu eta fusioa erraztuko dutelako. Bi atomo-nukleoen talka bideratzeko behar den energia zinetiko handia, tenperatura milioika gradutara igota lortuko da.
Fusio-metodo bat deuterioa eta tritioa baliatzen dituena da.
Fusio nuklearra oso zaila da praktikara eramaten, indar izugarriak behar direlako nukleoek talka egin dezaten. Beroiek azeleratzeko moduetako bat, fisio-leherketa bat eragin eta beroa sortzea da, behar duten abiadura hartzeko. Horrela egiten da bonba termonuklearretan. Beste modu bat eta errazago kontrolatzen dena, plasma milioika gradutara berotzea da.
Oraingoz lortu den fusio-energiaren aplikazio bakarra hidrogeno-bonba izan da. Fusioan askatutako energia kontrolatzea lortuz gero, zentral nuklearretakoa baino arrisku gutxiagoko energi iturria izango da eskura.




Atzera