hizkuntza

iz. 1. Giza talde bateko kideek elkarrekin komunikatzeko duten hitzezko adierazpidea. 2. HIZKL. Saussure-ren teoriaz geroko hizkuntzalaritza modernoan, delako hitzezko adierazpidea sistema edo egitura abstraktutzat hartua, haren erabilerari (hizketari) kontrajarria. 3. (hed.) Lengoaia. Giza hizkuntza eta animalien hizkuntza. • ama-hizkuntza. Haurtzaroan ikasitako lehen hizkuntza. || hizkuntz industria. Hizkuntzalaritzaren, informatikaren, telekomunikazioen eta beste zenbait diziplinaren integraziotik sortutako arloa, ordenadorez lagunduriko irakaskuntza, edota testua, grafikoak, soinua eta bideoa integratzen dituzten eta informazioan zehar higitzen ahalbidetzen duten hiztegi eta entziklopedia elektronikoak egitea, etab. helburu dituena. || hizkuntza bizi. Egun hitz egiten dena. || hizkuntza hil. Dagoeneko hitz egiten ez dena. || kultur hizkuntza. Kultura ikasiaren adierazpide den hizkuntza araupetua. Herri-hizkuntza eta kultur hizkuntza.
Hizkuntza, adierarik zabal eta irekienean, pentsamendua adierazi eta komunikatzeko gizakiak duen gaitasuna (lengoaia) gauzatzeko, komunitate linguistiko bakoitzak erabiltzen duen ahozko sistema da. Hizkuntzalarientzat lan zaila izan da aztergai hau zehaztea, definitu eta deskribatu ahal izateko. Hizkuntzalaritza modernoan gai honi buruz egindako lan gehienek F. de Saussurek proposatutako kontzeptu-oposizio garrantzitsuenean (hizkuntza/hizketa oposizioan) dute oinarria. Saussureren arabera, hizkuntza komunitate bateko indibiduo guztiek bere esku duten kode edo zeinu-sistema da. Sistema hori komunitateko kideen arteko kontratu kolektibo baten modukoa da, indibiduoak ezin du hura sortu edo aldatu. Hizketa hizkuntzaren gauzatze konkretua da, indibiduoak, hizkuntzako baliabide egokiak hautatuz eta hauei izaera materiala emanez, komunikatzean egiten duena. N. Chomskyk bi kontzeptu hauek birformulatu eta beraien arteko mugari buruzko ikuspuntua aldatu zuen gaitasuna/performantzia oposizioa proposatzean. Honentzat perpausa (Saussureren arabera, hizketaren esparruari zegokiona) teoriaren lehen elementu bilakatzen da, eta gaitasunaren alorrari dagokio. Era berean, Saussurek hizkuntzaren sistematik aparte uzten zuen sormena azpimarratu zuen gaitasun-mailan. Gaitasuna seinaleak eta hauen interpretazio semantikoa elkarlotzen dituen erregela-sistema litzateke; performantzia, berriz, hiztunak erregelak erabiltzeko duen moldea, hainbat faktore jokoan sartzen direla: arreta, oroimena, etab.




Atzera