judizio

iz. ZUZ. Ekintza edo gertaera baten aurrean pertsonek edo erakundeek dituzten erantzukizunak argitu eta erabakitzeko epailearen aurrean egiten den prozedura. azken judizio. ERL. Judaismo, kristautasun eta islamismoaren arabera, munduaren amaieran egingo den hildako guztien judizioa, non Jainkoak gaiztoen eta zintzoen bereizketa egingo duen. || auzi-iheseko judizio. ZUZ. Parteetako bat agertu ez denean egiten dena. || balore-judizio. Ik. balore. || falta-judizio. ZUZ. Falta edo lege-hauste arinen kausetan jarraitzen den prozedura arin eta laburra. || hoben-judizio. ZUZ. Falta-judizioa. || Jainkoaren judizio. HIST. Erdi Aroan, norbait erruduna ala errugabea zen jakiteko egiten zen froga, non Jainkoaren lekukotasuna eskatzen zen. Esaterako, erruztatuari burdinazko barra goria eman, eta helduta erretzen ez bazen, errugabetzat jotzen zen.
ZUZ. Judizioa da Estatuak ezarritako zuzenbidezko erakunde oinarrizkoena, epailearen erabakira makurtuz hiritarren arteko liskarrak konponbide positibo baten bidez amaitzeko. Judizio penal edo kriminal-aren xedea pertsona batek edo gehiagok delitu batekiko duen erantzukizuna finkatzea da. Eskumen militarrean judizio sumarisimo-tik jotzen da delitua gori-goria bada, eta, honela, prozesua azkar burutzen da. Prozesu penal arruntean behin sumarioa amaitu ondoren, ahozko judizioa egiten da. Ahozko judizioan aldeek beren alegazioak aurkeztu eta frogak egiaztatu egiten dira epaimahaiaren aurrean, honek epaia eman dezan. Oro har, ahozko judizioa jendaurrekoa izan ohi da, baina delitu jakin batzuei buruzkoa denean ateak itxita egiten da.
Alor zibilean aldeen arteko auzia arbitraje-judizio edota liskar-judizio-aren bitartez bidera daiteke: lehenengoan, erabakitzeko ahalmena soilik baimendutako pertsona jakin batzuek dute. Bigarrenean, berriz, epaile batek erabakitzen du; gaiaren arabera, zibilak, lanekoak, merkataritzakoak eta administrazioarekiko auziak izan daitezke.




Atzera