kristautasun

iz. 1. Jesu Kristogan, eta horren ekintzetan eta mezuan, oinarrituriko erlijioa. 2. Kristauen izaera eta biziera. Gure arbasoen kristautasuna.
Judaismoan du kristautasunak bere sustraia, Jesus bera eta horren lehen jarraitzaile hurbilenak (bereziki apostoluak) juduak baitziren; baina judaismo ofizialak zapuztu egin zituenez Jesusen mezua eta erlijiozko mugimendu berria eta horren barruan sorturiko elkartea (Eliza), guztiz apartatu zen hori judaismoaren erakundeetatik; hala ere, judaismoarekin bat egiten du, biek Bibliaren lehen partea -Tora juduentzat, Itun Zaharra kristauentzat- Jainkoaren errebelaziotzat eta fede-oinarritzat hartzen dutenean. Kristautasunak Itun Zaharrean iragarritako profeta eta mesiastzat aitortzen du Jesus; horren bizitzako ekintzak eta mezua "Ebanjelioa" izeneko liburuetan bildu zituen; horiek eta beste hainbat idazkik (guztira 27) osatzen dute "Itun Berria", kristautasunak Jainkoaren azken errebelaziotzat hartzen duena.
Jesu Kristo gurutzean hil ondoren, eta hori berpiztu zela sinetsirik, haren jarraitzaileek lehen kristau-elkartea osatu zuten Jerusalemen eta Palestinan. Judaismoak erasotuta eta Jesu Kristok berak bere mezua mundu osora zabaltzeko emandako aginduari jarraiki, Jesusen hamabi apostoluak (mezulariak) eta fededunak Palestinatik kanpora zabaldu ziren, Erromatar Inperioko beste herrialdeetan predikatuz eta kristau-elkarte berriak eratuz. Apostoluen eginak liburuan daude jasota bereziki lehen predikuaren eta Elizaren berriak. San Paulo apostoluak eginkizun berezia bete zuen Eliza kristauaren eraikuntzan: bere misio-lanaren bidez eta oinarri teologikoak eta instituzionalak zehaztuz; horren hamalau epistolak dira Itun Berriaren zati garrantzitsuenetako bat. San Pedro apostoluak hartu zuen hasieratik eliz elkartearen burutza; haren ondorengotzat daukate aita santua katolikoek.
Azkar zabaldu zen kristautasuna Erromatar Inperioan; lehen hiru mendetan, ordea, hainbat erasoaldi jasan zituzten estatuaren aldetik, horren batasunerako arriskutsutzat hartzen zuelako sarritan. 313an guztiz aldatu zen kristautasunaren egoera, Konstantino enperadoreak zilegitu zuenean Milango ediktuaren bidez, eta 380an, Teodosio I.a Handiak Inperioko erlijio ofizial aldarrikatu zuenean. Mendebaldeko Inperioa erori zenean, haren lekua hartu zuen nolabait Elizak, Erdi Aroko kristandadea eratuz; Ekialdeko Inperioak, berriz, Elizarekin bat egin zuen, horren ordezkaritza hartuz neurri batean. Mendebaldeko zibilizazioa eratzean funtsezko eginkizuna bete zuen kristautasunak.
IV. m.tik hasita batez ere kristautasunak zatiketa ugari izan ditu, heresiak eta zismak direla tarteko. Horien ondorioz eratu dira hiru kristautasun-modu nagusiak: katolizismoa, ortodoxia eta protestantismoa. Aita santuaren lehentasun hierarkikoak banatzen du, hasteko, Eliza katolikoa besteetatik. Baina eliz ministerioei buruzkoez gain, fede, moral eta sakramentuei buruzko beste hainbat ezberdintasun dituzte beren artean. Zatiketak gainditzeko ahaleginak ere gertatu izan dira historian zehar elizen artean; XIX. m.tik hasita zabaldu eta indartu da batez ere mugimendu ekumenikoa, batasunerako bideak irekitzeko. Itun Berriko liburuak errebelaziotzat eta oinarrizkotzat ezagutzeaz gain, kristau-eliza guztiak batzen dituzten fedezko puntu funtsezkoak badira: Jesu Kristo salbatzailea eta Jainkoaren misterio hirukoitza sinestea; gainera denek onartzen eta praktikatzen dituzte bataioa eta eukaristia sakramentuak Ik. eliza eta ekumenismo.
Mundu osoan dago zabaldurik kristautasuna misio-ekintzaren bitartez; erlijio guztien artean hedatuena eta jarraitzaile gehien duena da: 2000. urtean ia 2.000 milioi kristau izango direla aurreikusten da. Europan eta Ameriketan daude sendoen finkaturik; Asian, berriz, nahikoa txikia da kristauen kopurua populazioarekiko: Indonesian % 11, Indian % 3,9, Japonian % 3, Txinan % 0,2.




Atzera