mekanika

iz. 1. FIS. Higiduraz eta orekaz, eta horien sortzaile diren indarrez diharduen fisikaren atala; makinen teoriaz diharduen fisikaren atala. 2. FIS. Mekanikak aztertzen dituen gertakariei buruzko teoria. Newtonen mekanika klasikoa. 3. Makinen eraikuntza eta funtzionamenduaz diharduen jakintza. 4. Tresna edo makina baten parte higikorren multzoa. Seat berriak mekanika ezin hobea du. 5. (Ipar.) Makina, tresna. FIS. fluido-mekanika. Fluidoak geldi daudenean (hidrostatika) eta higitzen ari direnean (hidrodinamika) aztertzen dituen fisikaren atala. || mekanika erlatibista. Erlatibitatearen teoria aintzakotzat hartzen duen mekanika klasikoaren hedapena. || mekanika estatistiko. Materiaren osagai mikroskopikoak metodo estatistikoen bidez aztertuz ezaugarri makroskopikoak azaltzeko helburua duena. || mekanika klasiko edo newtondar. Erlatibitatearen teoria agertu artekoa. Ohizko mundu makroskopikoa (argiaren abiadurarekiko abiadura txikiz higitzen diren objektuena) azaltzeko nahikoa da. || mekanika kuantiko. Teoria kuantikoan oinarritutakoa, eta atomo eta molekulen propietateak azaltzea helburu duena. Kuantuaren kontzeptuaz gain, Heisenbergen zehazgabetasunaren eta de Broglieren uhin-partikula bikoiztasunaren printzipioak ditu abiaburu. || mekanika ondulatorio. Mekanika kuantikoa azaltzeko modu bat. Higitzen ari diren partikulak uhin-funtzio baten bidez adierazten dira eta egoera desberdinak Schrodingerren ekuazioaren arabera aztertzen dira. || mekanika zerutar. Gorputz zerutarren artean sortzen diren indarrak eta horien higidura erlatiboa aztertzeaz arduratzen den astronomiaren adarra.
Mekanikak antzinateko Grezian ditu erroak. Aristotelek hainbat teoria formulatu zituen gorputzen higidurari buruz, gehienak aplikazio praktikorik gabeak ordea. Bestetik, Arkimedes eta Heronek esperimentu askoz ere baliagarriagoak egin zituzten, eta estatika edo indarren arteko orekari buruzko lanek garrantzi handia izan zuten.
XVII. m.aren amaieran, Aristotelek gorputzen higidurari buruz eginiko teoriak ezeztatu zituen Galileok. Geroago Isaak Newtonek honen ideiak garatu eta hobetu zituen. Galileok zinematikari -gorputzen higidura sortzen duten indarrak kontuan izan gabe higidura bera aztertzen duen mekanikaren atalari alegia- egin zion bere ekarpen nagusia. Newtonek dinamika -indarrak eta beroriek sortzen dituzten higiduren arteko erlazioak aztertzen dituen mekanikaren adarra hain zuzen- garatu zuen batik bat. Newtonek Philosophiae naturalis principia mathematica obran formulatu zituen hiru legeak mekanika unibertsalaren oinarri dira:
1) Inolako eraginik jasan gabe dagoen gorputza geldirik dago edo higidura zuzen uniformez higitzen ari da (inertzi legea).
2) Indar batek gorputz bat eragitean honi ematen dion azelerazioa gorputzaren masarekiko alderantziz proportzionala da (azelerazio-legea).
3) Elkarreragiten duten bi sistemen artean, lehenengoak bigarrenari egiten dion indarra eta bigarrenak lehenengoari egindakoa, norabide eta modulu berekoak dira, baina aurkako norantza dute (akzio-erreakzioen legea). Newtonek halaber, grabitazio unibertsalaren teoria ere enuntziatu zuen, eta bertan azaldu zituen gorputzen erorketa askea eta astroen mugimendua.
Ondorengo mendeetan teoria atomikoari aplikatu zitzaion mekanika, gasen eta likidoen propietate desberdinak azaltzeko. XIX. m.aren amaieran mekanika klasikoak bere mailarik jasoena lortu zuen. Esperimentalki frogatu zen argiak hutsean duen abiadura konstantea eta argi-iturriarekiko independentea dela (hori ez zetorren bat Newtonen mekanikarekin); eta oinarrizko partikulek mekanikaren legeak ez dituztela beti betetzen ere egiaztatu zen. Planck, Heisenberg eta Schrodinger-ek garatutako mekanika kuantikoak (Ik. kuantu) eta Einsteinen erlatibitatearen teoriak (Ik. erlatibitate) argitu zituzten geroago fenomeno hauek.




Atzera