Albania

(Republika e Shqip'ris'). Europako estatua, Balkandar penintsulan. Mugak: I-an Montenegro eta Serbia; E-an Mazedonia; H-an Grezia; M-an Adriatikoa. Lurralde menditsua da: Dinariar Alpeek zati handi bat hartzen dute eta H-an Pindos mendiak altxatzen dira. Erdialdean kostaldeko lautada zabaltzen da, eta bertan bizi da populazio gehiena. Ibaiak motzak dira (Drin, Vijose). Klima mediterranearra kostaldean eta kontinentala barrualdean. Nekazaritza (artoa, garia, fruta-arbolak, tabakoa), meatzaritza (nikela, kromoa, petrolioa) eta abeltzaintza dira jarduera nagusiak.
Historia. Antz.ko Iliria, gero Erroma eta Bizantzioko prob. izan zen. Eslaviar, bulgariar eta serbiarrek inbaditu ondoren, turkiarren meneko gertatu zen (1431), Skandenberg-ek antolatutako erresistentzia gaindituz. Herria oso islamdartu zen handik aurrera, baina altxatzeari ez zion utzi (Ali Pasha Tebelengoak gidaturik, 1822an). 1912an autonomia lortu zuen eta 1914-20 bitartean independentzia. 1922-40: Ahmed Zog errepublikako lehendakari, gero errege (Zog I.a). Bigarren Mundu-Gerran italiarrek inbaditu zuten eta 1946an Herri-Errepublika aldarrikatu zen. 1961ean, Enver Hoxha lehendakari zela, SESBrekin harremanak hautsi eta Txinara hurbildu zen, Mao hil arte. Orduan nazioarte mailan erabat isolaturik gelditu zen. 1985: Ramiz Aliak ordezkatu zuen. 1990: erregimenaren aurkako manifestazioen ondorioz, alderdi politikoak onartu egin ziren. 1991: nazioarteko isolamendua hautsi eta beste estatuekiko harreman diplomatikoak berrezarri ziren. 1992: hauteskunde libreetan komunistek boterea galdu eta Sali Berisha Alderdi Demokratikokoa izendatu zuten lehendakari. 1997: hauteskundeetako porrota ondoren, Berishak dimititu eta Fatos Nano sozialista izendatu zuten Albaniako lehendakari.




Atzera