beneditar

adj. eta iz. San Benitoren erregelari jarraitzen zaion erlijiosoa; delako erregelari dagokiona. Beneditar monasterioa. Moja beneditarrak.
San Benito Nursiakoaren erregela ondorengo mendebaldeko monako-biziera osoaren iturri bihurtu zen. Bere monako-bizitzako lehen urteak bakardadeko biziera eremutarrean eman bazituen ere, Monte Cassinoko monasterioa eraikiz eta bertarako erregela idatziz elkarteko bizieraren markoa finkatu zuen; erregelaren puntu nabarmenetako bat, hain zuzen, monakoak hil artean monasterio berberean bizitza osoa ematera behartzen duen botoa da. Hiru ardatz nagusi ditu erregela beneditarrak definituriko monako-bizierak: otoitza eta liturgia ospatzea, eskulana (etxekoa, tailerrekoa, baratzekoa) eta ikasketa (Bibliaren eta liburu espiritualen irakurketa, etab.). Horien arabera banatzen da monakoaren eguneroko ordutegia. Kultur lana ez zen programa horretan sartzen, baina bizitza monastikoaren, gizartearen eta Elizaren premiak berak eskatuta, beneditarren monasterioak benetako eskola bihurtu ziren Erdi Aroan eta haietako ikasteko eta idazteko gelak eta liburutegiak kultura erlijiozko eta espiritualaren, teologiko eta filosofikoaren, lekune distiratsu gertatu ziren, batez ere Erdi Aroan. Karolinjioen garaiko berpizkunde kultural eta espiritualaren bultzatzaileak izan ziren beneditarren monasterioak. Gainera horien inguruan ebanjelizatze-lan zabala burutu zuten monakoek. San Benitoren ordena Monte Cassinotik Europan zehar zabaldu zen Erdi Aroan eta XIX. eta XX. mendeetan beste kontinenteetara. Gizonezkoen ordenarekin batera emakumezkoena ere badago, San Benitoren arreba Santa Eskolastikak sortutakoa. Loraldi bizi eta distiratsuak izan ditu beneditarren historiak (Cluny-ko erreforma, adibidez, X-XI. mendeetan); eta itzalaldiak ere bai: XVI. mendean Erreforma protestantekoan eta XVIII. mendean Iraultza Frantsesaren ondoren izan zituen ordenak krisialdirik handienak, bereziki Europaren iparraldean eta erdialdean. Beneditarren monasterio bakoitza autonomoa da izan. Dena dela, XV. mendetik hona monasterioak kongregaziotan bateratzeko mugimendua zabaldu zen. 1893tik aurrera Kongregazio beneditar autonomoen federazioa dute eratua, abade primatua buru duela.




Atzera