erretorika
iz. Ongi hitz egiteko edo idazteko artea eta erregela- eta prozedura-multzoa. Erretorika-liburua.
Grezia klasikoko demokrazian (K.a. V. mendean) kokatu behar da erretorikaren sorrera, hain garrantzizkoa bihurtu baitzen jendaurrean ideia politikoak komunikatzeko eta herritarrak norberaren ideietara erakartzeko hizketa-trebetasuna. Horri begira eskola bereziak sortu zituzten filosofo sofistek (Protagoras, Gorgias, etab.), eta ordutik aurrera 2.000 urtez funtsezko ikasgai bihurtu zen Mendebaldeko hezkuntza-sisteman. Jendea limurtzeko trebetasuna zen horientzat erretorika, eta funtsezko garrantzia zuen hitzaz baliatzen jakiteak, egia objektiborik ezean, hori erlatiboa zenez. Platonek eta Aristotelek, presupostu filosofiko desberdinetatik, beren kezka filosofiko bizitzat hartu zuten erretorika, hitzaren, egiaren eta etikaren arteko harremanaren kontua zegoelako tartean; biek idatzi zituzten garrantzizko obrak erretorikari buruz.
Erromako Errepublika garaian funtsezko ikasgai bihurtu zen ars oratoria, grekoen erretorikaren parekoa; Zizeronek, erromatar hizlari nagusiak, hainbat obra idatzi zuen, batez ere ikuspegi didaktikotik eta hitzaldiak egiteko teknikatik begiratuta. Dena dela, M.F. Kintilianok idatzitako Institutio oratoria izan zen mende luzeetan erretorikaren testuliburu klasikoa, non erretorikaren alderdi etikoak nabarmentzeaz gain, horren alderdi teknikoak ere azaltzen baitziren.
Erdi Aroko irakaskuntza-sisteman zazpi arte liberaletako bat zen Erretorika, eta unibertsitatean irakasten zuten. Errenazimentutik aurrera, ordea, testu idatziaren analisi eta kritika bihurtu zen; eta idazkeraren estiloaren azkerketan formaren dotorezi-baliabidea eta estilo-figurak aztertu ohi zituen bereziki. Orain dela gutxi arte apaizgaitegietan landu izan dute, bereziki, "ars oratoria", klasiko greko eta erromatarren adieran: hau da, jendaurrean mintzatzeko antze gisa.
Gaur egun zabaldu egin da erretorikaren alorra, hitzezko nahiz idatzizko komunikazio-modu guztiak, entzuleak edo irakurleak limurtzea bilatzen dutenak, bere baitan hartzeraino: gizarte-komunikabideetako hizkera, publizitatearena, propaganda, etab. Bestalde, erretorikan arreta ez da komunikazio-sortzaileari eta hizketari buruzkoa bakarrik, baita komunikazio-hartzaileari eta interpretazioari buruzkoa ere.
Atzera