Santurtzi

Bizkaiko udalerria, Abra ertzean, Nerbioi ibaiaren bokalean (Bilbo Handia); 49.981 bizt. (santurtziarrak). I-an eta E-an Abra badia du eta H-an Portugalete eta Urtuella eta M-an Zierbena ditu mugakide. Arrantzale-portua eta trafikorako portua da. Portukoez gain, bertako ekonomi jarduera nagusiak industria (kimikoa, eraikuntza-materialak, metalurgia, untzigintza, zurgintza) eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den zerbitzu-sektorekoak dira. Beharrean ari diren herritarrak berdintsu banaturik dabiltza bigarren eta hirugarren sektorean; zerbitzuetan gehixeago. XIX. m.aren bukaeratik zetorren garapen ekonomikoa dela eta, populazioak gorakada itzela egin du XX. m.an oro har. Hasieran poliki igo zen, baina mendearen erdialdeaz geroko inmigrazioak gorakada bizkorra eragin zuen (1950ean 10.224 biztanle ziren eta 1978an 55.159); hala ere, 1980ko hamarkadan sartzean, industri krisiarekin batera, beheranzko joera hartu zuen (1991n 49.981). Historia. Santurtziren izena bertako parrokiarenetik, San Jorjetik, etorri bide da. Parrokia honek monasterio-izaera zuen antzina eta XI. m.rako aipatzen zen agirietan. XVII. m.an, kontzeju bakarrean uztarturik zegoen Sestao eta Trapagaranekin batera. Kontzeju hau eta Somorrostro ibarreko gainerakoak (Muskiz, Abanto eta Zierbena) Enkartazioetan sartu ziren 1682an. Gero, 1799an, Bizkaiko jaurerrira bildu ziren Enkartazioak. XIX. mendea arte arrantza, nekazaritza eta meatzaritza izan ziren jarduera nagusiak, baina XIX. m.an aldaketa handiak hasi ziren ibaiaren bokalean industria finkatu zenean. Populazioaren eta herriaren garapena industriarekin batera joan ziren handik aurrera; tranbia heldu zen Bilbotik (1896), Bilbo-Portugalete ibilbidea egiten zuen trena ere Santurtziraino luzatu zuten, Abrako portu berria eraiki zen, etab. XX. m.aren hasieran, 1901ean, eratu zen egungo Santurtziko udalerria, Santurtzi-Urtuella udalerria bitan banatzean. Artea. San Jorje eliza, Dorre Etxe jauregi barrokoa, udaletxe neoklasikoa (XIX. m.), Karmengo Andre Mariaren omenezko monumentua eta sardina-saltzaileei eskainitakoa, dira aipatzekoak, besteak beste. San Jorje eliza eraikin berria da, XIX. m.koa, baina jatorria XI. m.an du; orduko tinpano erromanikoa Arkeologia, Etnografia eta Historiako Euskal Museoan dago.



Atzera