arkeologia
iz. Antzinako zibilizazioak aztertzen dituen zientzia, bereziki gaur egun arte iraun duten eraikin eta objektuen bidez. Arkeologi aztarnak.
Historiaurrea eta bertako kulturak ezagutzeko iturri bakarra da aztarna arkeologikoena, historiak baliatzen dituen garai haietako dokumentu idatzirik ez dagoelako. Baina garai historikoak ezagutzeko ere dokumentu idatzien funtsezko osagarria dira haiek. Horregatik garrantzi guztiz handia hartu du arkeologiak historiaren alorreko zientzien artean.
Gizakiak bere eskuz sorturiko edozein gauza da arkeologiaren aztergai: ontziak, tresnak, armak, edergailuak, eraikinak, txanponak, monumentuak eta gizakiaren bestelako aztarnak (izaki bizidunen fosilak aztertzen dituen paleontologia eta idazkunak aztertzen dituen epigrafia arkeologiaren osagarritzat jo daitezke).
Antzinakoa da Mendebaldeko zibilizazioan objektu arkeologikoen inguruko jakinmina, baina gehienbat monumentu zaharren deskripzioan edota objektu arkeologikoen bildumak aztertzera mugatzen zen jakinmin hori. XVIII. mendean hasi ziren Europan arkeologia era sistematiko eta zientifikoan lantzen, hain zuzen ere kultura historikoetako aztarnetatik abiatuz. 1784an hasi zituzten Ponpeia eta Herkulanoren, Vesubio sumendiak estalitako hirien, azterketak. XIX. mendean Egiptoko zibilizazioaren aztarnen azterketa sistematikoek eman zioten bultzada handia arkeologiaren zientziari, azterketa-metodoak landuz eta interpretazio historikoetarako teoriak zorroztuz. 1845ean Frantziako Abbeville-ko aurkikuntzek abiatu zuten historiaurrearen arkeologia. Egipto eta Mesopotamia, batetik, eta Asia Txikia, Grezia eta Kreta, bestetik, izan dira Europako eta Ipar Amerikako arkeologoen helburu handienak XIX. mendearen azken partean eta XX. mendearen lehenengoan.
Baina azterketa arkeologikoen arloak eremu geografiko eta garai guztietara zabaldu dira. Hain zuzen ere, eremu geografikoen nahiz garai historikoen (historiaurrekoen) arabera banatu ohi da arkeologiaren alorra: arkeologia egiptoarra, biblikoa, grekoa, etab.; historiaurreko arkeologia, erromatarren garaikoa, Erdi Arokoa, etab.
Oro har, honako prozesua jarraitu ohi du aztarnategiaren gaur egungo indusketak eta azterketak: lehenbizi eremua karratutan zatitu; geruza desberdinen araberako indusketa egin; aurkikuntzen kokapena argazkien edo marrazkien bidez zehaztu, lekutik atera aurretik; objektuak ondo sailkatuta eta ordenatuta jaso; gero laboratorioko lana, aurkiturikoak ondo aztertzeko. Eta guztiaren ondorioz etorriko da aurkikuntzen interpretazio historikoa, azterturiko aztarnak beraien testuinguru historikoan ipiniz.
Euskal Herriko historiaurreko arkeologiaren aitzindariak E. Eguren, T. Aranzadi eta J.M. Barandiaran izan ziren XX. mendearen lehen partean; horiek jarritako oinarri sendoen gainean zabaldu da Euskal Herriko arkeologia, historiaurreko aztarnategietara nahiz Antzin eta Erdi Arokoetara. Aztarna arkeologikoen errespetuak topo egiten du sarritan obra berrien proiektuekin; bien arteko oreka bilatu beharra dago, kultur ondasun zaharrak desegin gabe.
Atzera