Togo

(Republique Togolaise). Afrikako M-ko estatua. Mugak: I-an Burkina Faso; M-an Ghana; H-an Gineako golkoa; E-an Benin. Lurraldea, I-tik H-ra 600 km inguru dituen zerrenda estua da. Kostaldea behea, hareatsua eta aintziraz tartekatua. Barnealderantz mendia nagusitzen doa (Togo mendiak) eta handik I-ra berriro jaisten doa, Oti ibaiaren inguruko lautada eratu arte. Klima euritsua eta hezea da. Fosfatoak.
Historia. Kolonialismoa hasi arte ez dago Togo eta inguruko beste estatuak bereizterik. XV. m.an portuges eta danimarkarrak kokatu ziren kostaldean. XVIII. m.an zehar danimarkarrek esklabo-merkataritza oparoa bideratu zuten Togoko kostaldean. XIX. m.an palmondo-olioaren merkataritzak esklaboena ordezkatu zuen. 1884an alemaniarrek protektoratua ezarri zuten, egungo Togo baino lurralde zabalagoan. 1914an aliatuek Togoko protektoratua konkistatu zuten eta 1919an Frantziaren eta Britainia Handiaren artean banatu zuten. 1946an NBEren babespean jarri ziren bi eskualdeak eta hamar urte geroago Togoko zati britainiarrak Urrezko Kostarekin bat egin zuen Ghana estatu independentea osatzeko. 1960an beste zatia independente bilakatu zen Togo izenaz baina Frantziarekin lotura estuak izaten jarraitu zuen. 1967an Etienne Eyadema jeneralak estatu-kolpea jo eta lehendakaritza eskuratu zuen; eta nahiz eta 1991z gero alderdi-aniztasuna onartua dagoen, E. Eyademaren diktadurapean jarraitzen du Togok.




Atzera