automobilismo
iz. 1. Automobilgintzan parte hartzen duten gai teoriko eta praktikoen multzoa. 2. KIR. Automobilez egiten den kirola.
Hasieratik bertatik automobila kirol-elementutzat hartu eta lasterketak egiten hasi ziren. Lehen automobil-lasterketa ofiziala 1894an antolatu zen Frantzian, Paris eta Rouen artean eta irabazleak 19 km orduko batez besteko abiadura lortu zuen. Berehala Europako beste estatuetara eta Estatu Batuetara zabaldu ziren. Hiritik hirirako lasterketak azkar ugaldu ziren, baina arriskutsuak ziren eta debekatu egin zituzten. Orduan lasterketak zirkuitu itxian egiten hasi ziren 1906tik aurrera. Horrela jaio ziren Grand Prix edo Sari Nagusi izeneko lasterketak. Garai hartan ere zoru desberdineko bideen gainean (asfaltoa, belardia, harea, lurra, harria, etab.) lasterketak egiten hasi ziren Ingalaterran; horrela jaio ziren rally-ak.
Gaur egun automobilismoak lasterketa-mota desberdinak biltzen ditu: zirkuitu itxian abiadura-lasterketak (zirkuituaren itzuli-kopuru jakin bat nork lehenago egin) eta iraupenezkoak (ordu-kopuru jakin batean nork itzuli gehiago eman) eta errepide eta bide arruntetan rally-ak eta igoerak (aldapan gora) egiten dira. Abiadura-errekorrak eta kart-lasterketak ere egiten dira. Bestalde, lasterketa-automobilak hainbat talde edo kategoriatan sailkatzen dira automobilen ezaugarrien arabera.
Automobilismoko txapelketa nagusi eta ospetsuena 1 formulako pilotuen munduko txapelketa da. 1950ean antolatu zen lehen aldiz. Mundu osoko hainbat zirkuitutan egindako Grand Prix lasterketaz osatuta dago eta azken sailkapena lasterketa bakoitzean lortutako sailkapenaren arabera eskuratutako puntuak batuz lortzen da.
Atzera