erresonantzia
iz. 1. FIS. Sistema batek bere parametro fisikoen arabera berezkoa duen maiztasunean oszilatzea. Ezaugarri nagusia, sistemari energia gutxi aplikatuz anplitude handiko bibrazioak sortzea da. 2. FIS. Partikula elemental ez-egonkorra, bizitza motzekoa. 3. KIM. Molekula batzuen ezaugarria, haien egitura erreala adierazteko formula konbentzional bat baino gehiago erabili behar izatean datzana. Loturako elektroiak bi atomoren baino gehiagoren inguruan hedatzen direnean bereziki sortzen da. Kasu ezagunena bentzeno-eraztunarena da. • FIS. erresonantzia atomiko. Atomo eta erradiazio elektromagnetikoaren arteko elkarrekintza-mota, oso maiztasun-balio zehatzetan bakarrik gertatzen dena. Atomoak energi maila batetik beste baterako trantsizioa egiten du, dagokion erradiazio elektromagnetikoa zurgatuz edo igorriz. || erresonantzia magnetiko. Atomoa eremu magnetikoaren eraginpean dagoenean soilik sortzen diren energi mailen arteko erresonantzia atomikoa. || erresonantzia magnetiko nuklear. Eremu magnetiko baten eraginpean zero balioko spina ez duten atomo-nukleoek egindako erradiazio-zurgapena. Nukleoek iman gisa jokatzen dute, eta eremu magnetikoan energi maila desberdineko egoeretan orientatzen dira, egoera horien arteko energia izanik zurgatzen dena. Analisi kimikoan (molekulen egitura aztertzeko) eta medikuntzan (diagnosian, gorputz barneko irudiak lortzeko) erabiltzen da.
Atzera