hinduismo
iz. ERL. Indiako tradizio sozio-kulturala, erlijiozko sineste eta jardueretan, erakunde sozialetan eta sistema filosofiko ezberdinetan gauzatzen dena.
India da hinduismoaren erdigunea eta eremu nagusia, eta indiar gehienak hinduismoaren jarraitzaile dira (% 83); baina inguruko hainbat herrialde eta estatutan ere hindua da populazioaren zati bat: Nepalen % 90, Sri Lankan % 15, Bangladesh-en % 12, Pakistanen % 1,5.
Mende luzetan barna idatziriko liburu sakratuak ditu hinduismoak, Veda izen agizkoz ezagunak. Vedismoa, ordea, hinduismoaren lehen fasetzat hartzen da, K.a. II. milurtekoan Indian kokatu ziren herri indoeuroparren erlijio politeista eta mitologikoa. Vedismoaren eta gaurko hinduismoaren artean brahmanismoa izeneko erlijio erritualista gauzatu zen Indian, Brahma jainko gorenaren izenean eratua eta Brahmana liburuetan adierazia; kasten sistema soziala funtsezkoa zen brahmanismoan. Horren bilakaeratik dator hinduismo klasikoa, erlijio teista eta jainko jakin batenganako jaiera edo eraspenean gauzatzen dena; vedismoko jainkoetatik Visnu-ren gurtzak (visnuismoa) eta Xiva-renak (xivaismoa) hartu zuten nagusitasuna K.a. III-K.o. VI. mendeen artean. Upanisad edo Vedanta (Vedaren azken atala) izeneko liburu filosofiko-erlijiozkoetan dago adierazia erlijio-modu hori. Liburu sakratuotan nabarmentzen diren eskola filosofiko-erlijiozkoak eta guzti, funtsean batasuna gordetzen du hinduismoak. Munduaren sorburua den jainkozko izaki inpertsonal, betiereko, infinitu eta absolutu bakarra, Brahman, aitortzean dauka horrek bere oinarri nagusia; diren guztien sorreran dago Brahman espiritu unibertsala, eta bizidun ororen baitan dago, bakoitzaren espirituaren -"atman-aren"- funtsean.
Antropologia hinduistaren kontzeptu nagusietakoa "samsara" edo arimaren transmigrazioarena da; bakoitzaren bizitzako onegiteen edo okerren eraginez -"karma-ren" arabera- gertatzen da berraragiztapen-katea, gizon-emakumea bere xedearen edo nortasunaren betetasunera eta azkenburuko askapenera -"moksa-ra"- heldu arte.
Horretarako bideak hainbat izan daitezke, hinduismoko korronte erlijiozkoen arabera: errito zuzenen bidea, egiaren ezagutzaren bidea edo Jainkoarenganako jaieraren edo "bakti-aren" bidea.
Erlijiozko duintasunaren edo garbitasunaren arabera, gizarte hindua kastetan banatzen da; mailarik gorenean brahmanak edo apaizak daude, eta beherenean pariak. Kasta-sistema hierarkikoaren funts erlijiozkoak nolabaiteko izaera sakratua eta finkotasuna ematen dio gizarte hinduaren antolamenduari, non giza harremanen mugak eta bakoitzaren betebehar sozialak zehaztuta geratzen baitira.
Atzera