termodinamika

iz. FIS. Energi mota desberdinen arteko harremanak aztertzen dituen fisikaren atala eta bereziki, hauen arteko transformazioa, bero-fluxuaren norantza eta lana eta energiaren arteko harremanak aztertzen dituena.
Termodinamikak sistemaren barne-egoeraren deskribapen makroskopikoa egiten du, eta horretarako erabiltzen dituen magnitude behagarriak presioa, bolumena, tenperatura, etab. dira (egoera-aldagaiak). Termodinamikaren printzipioetan oinarrituz, sistemaren barne-energiaren eta egoera-aldagaien arteko erlazioak aurkitu dira. Delako barne-energia (U) sistema osatzen duten atomo eta molekula guztien artean duten eta zuzenean bero bihur daitekeen energia da.
Termodinamikaren zero printzipioak edo oreka termikoaren legeak dioenaren arabera, bi sistema, bakoitza bere aldetik, beste hirugarren batekin oreka termikoan baldin badaude, bere artean ere oreka termikoan daude. Eta oreka termikoan dauden sistema desberdinek komunean dutena tenperatura da. Sistema isolatua ez denean, U aldatu egin daiteke, masa- edo bero-transferentziaz edo lan bat eginez. Masa konstantea bada, ĈU = Q + W (non Q bero-kantitatea eta W lana den). Hauxe da termodinamikaren lehen printzipioa, eta energiaren kontserbazioaren baliokidea da.
Termodinamikaren bigarren printzipioak prozesuaren norantza aurresaten du eta ondorioz, prozesu jakin bat berez gertatuko den ala ez. Funtsean, energi iturri batetik beroa hartu eta oso-osorik lan bihurtzea ezinezkoa dela baieztatzen da. Entropiaren kontzeptua sortzen da printzipio honen arabera, eta berez gertatzen diren prozesu natural guztietan entropia handitu egiten dela baieztatzen da (adibidez, gas batek hedatzera jotzen du edo uretan botatzen den koloratzaile-tanta bat likido-masa osoan zabaltzen da).
Hirugarren printzipioak azkenik, entropiarentzako eskala absolutua finkatzen du, zero absolutuan edozein sistemaren entropia zero dela esaten baitu.




Atzera